Mendekosteetan ere, jai parekideen alde

Or, 2017-05-26 13:43

Ekainaren 2an emango zaie hasiera 2017ko Mendekoste jaiei Zabarreren ongietorriarekin eta urteroko ekimenez  zein berriez gozatu ahal izateko dute herritarrek. Berrikuntzarik nabarienak larunbateko motozaleen elkarretaratze eta bazkaria eta gaueko Usurbilgo Musika Eskolako Pop-Rock taldeen emanaldiak izango dira. Udaletik jaiak arduraz eta errespetuz bizitzeko eta gozatzeko eskatu dute, Mendekoste jaietan ere parekidetasunaren alde egiteko.

Mendekosteak jai alai eta atseginak izan daitezen hainbat ekimen ezberdin antolatu dira.  Gaurko agerraldian aurtengo egitarauaren berri eman dute Lezoko alkate Jesus Mari Martiarenak, Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak, Noemi Arberasek, Kultur teknikariak, Xanti Valek eta berdintasun teknikari berriak, Ainhoa Irazuk.

Jaietako programa osatzen eta garatzen lagundu duten talde eta eragile guztiei eskerrik beroenak eman ondoren, egitaraua aurkezteari ekin dio kultur teknikariak.

Urteroko ekimenak eta berrikuntzak biltzen ditu aurtengo egitarauak. Urtero legez, Zabarreren ongietorriarekin emango zaie hasiera jaiei, ostiralean, ekainaren 2an; berrikuntzarik aipagarrienak, baina, larunbatean izango dira. Aurten, lehen aldiz, motozaleen elkarretaratzea egingo da Lezon, eskualdeko motozale guztiak daude deituak topaketara eta ondoren, motozaleen bazkaria ospatuko da Tiñelu ondoko plazan. Bitartean motoak ikusgai izango dituzte herritarrek. Gaueko musika emanaldia ere berezia izango da Usurbilgo Musika Eskolako Pop-Rock taldeek emanaldi ezberdinak eskainiko dituztelako.  Emaldi honekin hasi berri diren inguruko herrietako taldeei bultzada eman nahi izan die Udalak.

Igandean, dultzaineroen dianarekin hasiko da eguna; egun osoan zehar pintxo lehiaketaz, herri kirolen erakustaldiaz, buruhandi eta erraldoien kalejiraz, altxorraren bila jokoaz eta Gabezin taldearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute herritarrek. Jaiei zezen suzkoarekin emango zaie amaiera gaueko 21:45ean.

Jai euskaldun, jasangarri eta parekideen alde

Udaletik jaiak arduraz eta errespetuz bizitzeko eta gozatzeko eskatu dute, jai euskaldun, jasangarri eta parekideak izan daitezen. Eraso sexisten aurrean herritarrek jarrera aktiboagoa izan dezaten eta eraso sexistarik gabeko jaien alde egiteko helburuarekin, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina gauzatuko du Udalak.

Noemi Arberas berdintasun saileko zinegotziak azaldu duenez, alhondigan “Jai parekideak” lelopeko pankarta ezarriko da  eta eraso sexisten aurrean nola jokatu jakiteko protokoloari buruzko pegatinak eta kartelak zabalduko dira. Tabernariei kanpainaren berri eman zaie eta beren tabernetan ere zabalduko dute aipatu materiala.

Kanpainak helburu du herritarren artean jarrera aktiboagoa sustatzea eta eraso kasu baten aurrean zer egin eta nora jo jakinaraztea.

Egitarau osoa hemen.
 

Arloa edo saila