SANTAKRUTZAK 2024

Az, 2024-09-11 13:25

Lezoko Udalak 2024ko Santakrutzetako jaien egitaraua aurkeztu du gaur goizean Kultur Aretoan. Prentsaurrekoan Mikel Arruti Lezoko alkatea, Jon Legorburu Kultura zinegotzia eta Mireia Kuesta Berdintasun zinegotzia izan dira.

Jaiak irailaren 13an hasi eta 16ean amaituko dira, nahiz eta txupinazoaren aurreko egunetatik, batez ere txikitxoenei zuzenduriko hainbat jarduera programatuta dauden. Lezoko alkateak, Mikel Arrutik, herria musikaz gozatzeko eta kolorez janzteko egunak direla aipatu du, baina horrekin batera zera azpimarratu du: “Santakrutzeko jaiak ez dira soilik dibertsioa, lezoarra izatearen harrotasuna partekatzeko eta gure nortasun kolektiboa indartzeko data aproposak ere badira. Gure herriaren hizkuntza, kultura, balioak eta nortasuna indartzeko egunak, alegia”. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie jai hauek ospatzea posible egiten duten pertsona guztiei: "Eskerrak eman nahi dizkizuet Jai Batzordean parte hartzen duzuenoi eta udal langileei, zuen lanari eta konpromisoari esker gure jaiak posible egiten dituzuelako".

prentsaurrekoan

Jaien egitarauaren edukiari dagokionez, 2024ko Santakrutzak haur, gazte zein helduri zuzendutako jarduerez beteta dator. Alkate txikien pregoiarekin eta txupinazoarekin hasi eta lezoko txoko eta bazterretan sakabanaturik dauden 50 ekintza baino gehiagoz gozatu ahal izango da. Aipatutako txupinazo eta alkate txikien pregoiaz gain, Jon Legorburu kultura zinegotziak hauek nabarmendu nahi izan ditu: “Ugari dira antolatu diren jarduerak, nahiz eta nik alkateak aipatu duen moduan, lezoar egiten gaituen eta nortasun kolektibo hori indartzen duten jarduerak aipatu nahi ditudan. Horien artean danborrada, Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako partaideen eskutik; herri bazkaria, kuadrillen arteko lehiaketak eta herriko pilota txapelketa”. Hori guztia musika, bertsolari, puzgarri, kultur ikuskizun, erraldoi eta buruhandiz eta abarrez osatuko da. Amaitzeko, 2024ko Santakrutzetako jaiak guztiok berdintasunean eta askatasunean ospatu ditzagun, Lezoko udalak ahalegin berezia egin du.

Mireia Kuesta zinegotziak adierazi duenez, "guztiok dugu jaiak askatasunez bizitzeko eta gozatzeko eskubidea, onartezina da eraso matxistengatik emakumeek jaiak askatasunean gozatu ezin izatea. Emakumeok seguru eta eroso sentitzeko eskubidea dugu, eta guztion erantzukizuna da gure askatasuna mugatzen duten egoera horien aurka borrokatzea". Horrela, Santakrutz hauetan indarkeria matxista kasuetan arreta eta salaketa telefonoa bultzatzen jarraituko da (688 696 204), baita Pikukalen egongo den puntu morea ere, indarkeria matxistaren inguruko prebentzio eta sentsibilizazio gunea izango dena. Indarkeria sexistari eta LGTBI+fobiari buruzko informazioa eskainiko du, bai eta horiei aurrea hartzeko eta aurre egiteko tresnak ere. Aurten gainera, hainbat herritarrei formazioa eskaini zaie indarkeria kasuren bat ematen bada egoeraren aurrean nola jokatu behar duten trebatzeko.

Zentzu horretan, Mikel Arruti alkateak mezu bat helarazi nahi izan die lezoarrei eta Lezora Santakrutzez gozatzera etorriko direnei: “Arduraz jokatzeko konpromisoa dugu. Ezinbestekoa da espazio libre eta seguruak bermatzea, jende guztiak jaiez gozatzeko aukera izan dezan. Gure kaleek eta plazek jende guztiarentzat izan behar dute, errespetuz eta elkartasunez betetako giroa sortuz. Horregatik, gure burua zaintzea eta herria seguru mantentzea guztion erantzukizuna da".

Programa eskuratu

Arloa edo saila