Urtarrila - ekaina bitarteko kultur agenda nobedadez josita dator

Ar, 2023-01-10 15:23

50 jarduera baino gehiago antolatu dira adin guztietara zuzenduak.

Urte berriarekin, kultur agenda berria aurkeztu du Lezoko Udalak. Jesus Mari Martiarenak, Lezoko Alkateak, egitaraua eskuan zuela ondorengoa adierazi du “egitarau zabala eta sakona antolatu du aurten ere udalak. Herriari bizia ematen dioten jarduerak dira eta publiko guztiei zuzenduak, denetarik eta denontzat egongo da. Batzuk Gezalan izango dira, beste batzuk kalean edota Musika Eskolan”.

Aurkezpenean Xanti Val Kultur teknikaria ere egon da: “haur-antzerkia, haur-zinema, musika, dantza, literatur solasaldiak… guztira 54 ekitaldi antolatu ditugu urtarriletik maiatzaren 30eraino, horietako gehienak euskaraz” adierazi du.

“Martxoan adibidez, Lesoinu antolatu da 17tik 30era. Kontzertu pedagogikoak, tailerrak, kantujirak eta zinema izango ditugu herrian. Musika funtsezkoa da Lezon” gaineratu du teknikariak.

Dozenaka ekitaldien artean, azpimarragarriak dira:

  • “Toto”, Hika antzerkiaren lanaren estreinaldia. Lehen aldiz Euskal Herriko konpainia handi eta historia luze duena Lezon estreinatuko du bere lana.
  • “El nadador de aguas abiertas”, “Tuppersex” eta “Sexberdinak” antzerkiak.
  • Ilargi Arrizabala eta Iñaki Labakaren kontzertuak beraien herrian, disko berrien melodiak abesteko aukera izango dutelarik.
  • Filmen artean aipagarri: “Apaiz kartzela” eta “Fabricando mujeres 2.0”.
  • Alex Txikon kirolaria ere gure artean izango da solasaldi eder batean.
  • “Los perros” eta “Abundance” dantza emanaldiak.

Literatur Solasaldiek beraien tartea izango dute: 5 saio antolatu dira, Ane Mayoz eta Javier Minak dinamizatuak.

Agendaren antolaketan Tomas Garbizu Musika Eskolak, Udal Liburutegiak eta Kultura sailak parte hartu dute. Horrez gain eskerrak eman ere agenda hau osatzen lagundu duten Lezoko Zinema Ttikiari eta Lezo Jaizkibel Mendi Lasterketa Taldeari.

Agenda herrian zehar banatu egin da eta Lezoko Udaleko webgunean eta APP-an eskuragarri dago. Sarrerak udaleko webgunean erosteko aukera izango dute herritarrek.

Arloa edo saila