Herriko irisgarritasuna hobetzea helburu, Udalak “Lezo denONA, denontzat” prozesua jarri du abian. Prozesu honen bitartez, Lezoko Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala (IUPI) definituko da, 2026-2033 epean gauzatuko diren jarduketak zehaztuko dituena. Prozesu honetan lezoarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da, herritarren beharrak eta iradokizunak jasotzeko. Horregatik, lehen saioa antolatu dute, ekainaren 17an, 17:30ean, Kultura Aretoan.
Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralaren (IUPI) idazketa, 2020an onartutako Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiaren (EIUE) baitan ulertzen da. Planaren izaera integrala kontu berria da: ingurune fisikoaren irisgarritasunaz haratago joatea da helburua.
Horretarako, "Lezo denONA, denontzat" prozesua jarri du abian Lezoko Udalak. Prozesua abiatzeko, Lezoko Udalak lehen lanketa-saio irekira gonbidatu nahi ditu lezoar guztiak, Lezoko eta bere auzoetako irisgarritasunaren diagnostiko partekatua egin ahal izateko. Horretarako, lehen saioa ekainaren 17an, 17:30ean antolatu dute, Kultura Aretoan. Zenbat eta parte-hartze zabalagoa eta anitzagoa, orduan eta Plan aberatsagoa izango da. Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen herritar orori zuzenduta daude saioak, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere.
Proiektu honen bitartez, datozen 4 urteetan egiteko moduko jarduketak zehaztu nahi dira. Zehaztasun honek Udalaren baliabideak neurtzea eskatzen du: egin beharko litzatekeena bistatik galdu gabe, egin ditzakegunak zehaztea da asmoa. Horretarako, arazoak eta esku-hartzea lehenetsi beharko ditugu, jarduketen kostuak eta onurak ondo neurtuz.
Aniztasuna, autonomia, eguneroko bizimodua eta zaintzak, erdigunean izango ditu. Esku-hartzeek irisgarritasuna izango dute helburu nagusi, baina hauek zehazterakoan ezinbestekoak izango dira lezoarron egunerokotasuna oinarri izango dituzten hainbat irizpide, hala nola, aniztasunari erantzutea, autonomia sustatzea edota zaintza lanak erraztea.
Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integralaren lanketak, besteak beste, hurrengo gaiak jorratuko ditu:
- Irismena, udalari dagokionez. Orain arte ezagutu ditugun Irisgarritasun Planetan lantzen zen “Udalerri irisgarria” esparruaz gain, “Udal irisgarria” esparrua landu beharko da. Hau da, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, arreta edo komunikazioa irisgarriagoa egiteko proposamenak landu beharko dira.
- Irismena, eragileei dagokionez. Gainera, udalaren gidaritzarekin, herrian dauden eragile publiko zein pribatuen inplikazioa bilatu beharko luke Planak.
- Jarduketa-esparru zabalagoa, baina jarduketa zehatzagoak. Alegia, esparru gehiago landu beharko badira ere, indarraldia 4 urtetara mugatzea ezartzen du diru-laguntzak. Honek zehaztasuna eskatuko du, bai jarduketen deskribapenean bai eta horien kudeaketa edo jarraipena egingo duten arduren banaketan ere.
- Hirigintzatik haratago doan Plana. Hirigintza Sailak bere eskumenetara hobeto egokitzen den “Udalerri irisgarria” esparrua har lezake bere gain, baina beste ardura batzu (“Udal irisgarria” edo Komunikazio-Plana, adibidez) beste sail batzutara banatzea proposatzen da.
- Zeharkakotasuna. Azken urteotako eraldaketarekin bat eginez, Plan hau sail eta maila desberdinen artean landu beharko da. Hau eraginkortasunez egingo dela bermatzeko, ezinbestekoak izango dira konpromiso eta gidaritza politikoak.