Lezoko ikastolako jolas-patio erdia estali eta birmoldatu da

Az, 2022-10-05 13:59

Lezoko Udalak 100.000 euro bideratu ditu proiektu honetara.

Lezoko Ikastolak ez zuen eremu estali nahikorik eguraldi txarra egiten zuen egunetan ikasleak kalean egon zitezen. Eskola orduz kanpo pista erabiltzen zuten guraso eta herritarrek ere, eremu estaliaren falta sumatzen zuten. Gainera, jolas eremua estalita, bero handia egiten duen egunetan ere itzalaz baliatuko dira ikasleak zein herritarrak.

Behar honi erantzuteko ikastolako familiek eta langileek osatutako batzordea osatu zuten.

PROIEKTUA

Behar horren aurrean Amaia Errasti, ikastolako komunitateko kide den arkitekto Lezoarrari proiektua egin zezan eskatu zitzaion.

1.    Jolas-patioaren gaineko estalkia.

Gutxi gorabehera, pistaren erdia (521 m2) neurri eta kota desberdinetako planoekin estali da. Plano horiek, papiroflexia joko batean, abiapuntuko eskakizunak konpondu eta espazio dibertigarri eta erakargarria sortzeko helburua bete nahi dute. Estalkiak honako ezaugarriak ditu:

-       Espazio estalia eraikinari erantsi zaio, eraikinaren barrualdetik eremu estalira busti gabe igaro ahal izateko.

-  Kolorea zuria da, bai egitura metalikoarena, bai estalki-polikarbonatoarena Jolas-patiora argia igaro ahal izateko moduko materialez estali da, eta iraunkorra eta egokia era guztietako jokoak egiteko.  

2. Jolas-patioaren birmoldaketa

Jolas-pista hormigoizko azalera murriztu da, haur-jolasak instalatzea ahalbidetu duen lorategi-eremu baten mesedetan. Horrekin batera egurrezko jolasak jarri dira jolas-pistaren hainbat zatitan.

Jolas-patioaren estalkia, Olatzar eraikuntzak Lezoko enpresak egin du, eta jolasak, Lurkoi enpresak jarri ditu.

Edurne Urkiola, Pasai Lezo Lizeoko zuzendariaren esanetan: “nabarmendu nahi dugun xehetasun txiki baina garrantzitsu bat da obra bukatzeko zehaztasun txiki-txiki bat falta dela. Mimoz ari gara antolatzen lanen bukaera hori. Azaro bukaeran, berdegunean, Lezoko ikastolako ikasleek zuhaitz bat landatuko dute: Marugatzea”.

 AURREKONTUA

Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen hitzetan: “Lezoko ikastolak egindako inbertsioa guztira, 440.000€ ingurukoa izan da eta Lezoko Udalak, 100.000€ bideratu ditu azpiegitura hau egitera. Beharrezkoa zen proiektu da ─eskola orduz kanpo herritarren erabilera egokiak ahalbideratzen dituelako─. Hau da, erabaki hau hartzerakoan guretzat oso garrantzitsua izan da Lezoko herriari beste eremu aterpetua zabaltzea eta horren barruan Pasaia Lezo lizeoak egiten duen eskaintza bere instalazioak erabiltzeko. Akordioaren emaitzaz oso pozik gaude”.

POZA

“Ikastolako komunitateak ilusio handiarekin eraman du aurrera proiektua, eta Udalaren elkarlanerako aukera eskertzen du. Lanean aritu diren arduradunen eta  enpresen jarrera ere eskertzekoa da, ikasleek ekainean ikastola bukatu bezain pronto lanean hasi, eta bueltan zirenerako lanak bukatuta egotea lortu delako” gaineratu du Nekane Artolak, Lizeoko guraso elkarteko lehendakariak.

Dudarik gabe Lezoko ikasleak, eta bide batez, Pasaia-Lezo Lizeoko gainerako ikasleak izango dira birmoldaketa honi probetxu gehien aterako dietenak.  “Hala ere, nabarmendu nahi dugu Lezoko herritarrei zein elkarteei ere onura handia ekarriko diela” esan du Artolak.

“Estalki honek, gainera, Lezoko ikastolako instalazioak aurretik erabiltzen zituzten herriko zenbait elkarteei euren jarduerak gauzatzeko aukera gehiago eskainiko dizkie. Txirbillak Aisialdi Taldeak, Kuadrillategi egitasmoak, Murixka Dantza Taldeak, Muxikoen Dantza Taldeak, Gaxuxak…. orain arte Lezoko ikastolako eraikina eta jolas eremua erabili izan dute beren ekintzak egiteko. Obrari esker, elkarte guzti horiei, aukera berriak zabaltzen zaizkielako pozik gaude” amaitu du Edurne Urkiolak.