Lezoko Udalak ostalaritza sektoreari zuzenduriko aurrez-aurreko arreta zerbitzua jarri du martxan

Lezoko Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez, ostalaritza-sektoreko establezimenduei laguntza emateko zerbitzua martxan jarri du. Zerbitzu honen bidez, sektorerako diru-laguntzen informazioa, aholkularitza eta izapidetzen laguntza ematen zaie eskualdeko ostalaritza enpresa guztiei.

Koronabirusak eragindako pandemiari aurre egiteko ezarri diren azken murrizketak gogor eragiten ari dira ostalaritzan, eta oso egoera zailean dagoen sektorea da.

Une kritiko hauetan sektoreari lagundu ahal izateko, diru-laguntzak eskuratzeko erraztasunak emateko eta beste eragile batzuen lana osatzeko, Lezoko Udalak beharrezkoa ikusi du ostalaritza-sektoreari hurbileko zerbitzu bat eskaintzea, laguntza eta aholkularitza emateko, eskaerak egiteko eta izapideak errazteko helburuarekin.

Horrela, Oarsoaldea Agentziaren bitartez, zuzeneko eta aurrez aurreko arretarako bulegoa jarriko du martxan, ostalaritza-sektoreari diru-laguntzen berri emateko eta izapideak egiten laguntzeko.

Ostalaritza-sektoreari arreta emateko bulegoa kultura aretoan kokatu da (Donibane kalea, 2).

Bulego horrek azaroaren 24tik aurrera (asteartea) eskainiko du arreta zerbitzua. Ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango da, eta astearte eta ostegunetan egongo da zabalik.

Pandemiagatik dauden murrizketak direla eta, eta segurtasun-arrazoiengatik, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da. covid19oarsoaldea.com webgunean edo 943 494 129 telefonora deituz.