SARETXO METALIKOAK HONDAKIN SOLIDOEK HERRI-GUNEKO UR IBILGUA EZ KUTSATZEKO

Az, 2024-07-24 09:41

Lezoko udalak, errekak garbi mantentzeko eta kutsadura ekiditzeko ekimen berri bat jarri du martxan. Saretxo Metalikoak, Eugenio de Ochoa kalean eta Herri Eskolako patioaren alde bietan jarri dituzte.

Lezoko udalak hainbat ekimen eta proiektu jarri ditu martxan herrigunetik pasatzen diren errekak garbi mantentzeko eta hondakinak itsasoratu daitezen ekiditzeko. Orain gutxi, adibidez, Zubitxo errekan eta Bekoerrekan garbiketa lanak egin ziren eta, horri esker, 770 kg hondakin jaso ziren. 

kasu honetan, Lezoko udalak eman duen azken pausoak garbiketa baino prebentzioa du helburu, herriko erreka bazterretako baranda azterketa egin eta gero, hondakinak errekara isurtzeko arriskua dagoen tokietan hesiak jartzea erabaki baitu. Ikuskaritza horren ondorioz, premiazko gune ezberdinak identifikatu dira, horien artean, premiazkoak, Eugenio de Ochoa kalea eta Herri eskolako patioaren bi aldeak. 

Gune horietako barandek egurrezko hesiak dituzte edota azpiko eremua babestu gabe dute, eta horrek, hondakinek errekan bukatzeko eta, ondorioz, itsasora isurtzeko arriskua areagotzen du. Beraz, Lezoko udalak martxan jarri dituen lanei esker, azpialde horietan guztietan saretxo metalikoak jarri dira.

Saretxoak Lezoko erreka bazterreko barandetan