Iruzurrezko telefono deien berri eman du Lezoko udaltzaingoak

Az, 2020-10-21 13:44

Uraren kalitateari buruzko galdetegiak egiteko aitzakiapean iruzur deiak jasotzen ari dira herritarrak, horren bitartez etxebizitza partikularretan sartzeko asmoa adieraziz.

Horri lotuta, Udaletik dei edota eskaera horiei uko egiteko deialdia luzatu dute.

Udaltzaingoak azken egunotan hainbat herritarrek jasotako iruzurrezko telefono deien berri eman du gaur bando bidez.

Badirudi hainbat lezoarrek uraren kalitateari buruzko galdetegiak egiteko aitzakiapean deiak jaso dituztela, etxebizitza partikularretan sartzeko asmoa adieraziz. Dei horien bitartez eta Covid-19ak eragin duen egoera aprobetxatuz, enpresa batek ura arazteko zerbitzuak eskaintzen ditu, dei egiten dieten pertsonei ura eta etxeko desinfekzioa aztertzera etxetik pasako direla adieraziz.

Antza denez, baina, enpresaren proba manipulatuta dago eta proba horretan oinarrituta eta salmenta errazte aldera, arazketa-ekipo baten beharra helarazten diote etxebizitzako jabeari, zeina 3.500€ko kostua izatera hel daitekeen.

Egoera horren aurrean, Lezoko Udalak dei edota eskaera horiei kasurik ez egin eta uko egitea eskatu die herritarrei. Era berean, Kontsumobidetik, egoeraren jakitun, ondorengoa gogorarazi dute:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan ur-horniduraz arduratzen diren enpresek EZ dute mota horretako bisitarik egiten.
  • Ez dago komertzial bati atea zabaltzeko inolako obligaziorik.
  • Zerbitzua erabili nahi badugu, lehendabizi aurrekontua eskatuko dugu. Ondoren, aurrekontu hori aztertzeko egun batzuk hartuko ditugu; eta, ziur egon arte, ez dugu ezer sinatuko.
  • Enpresak ur-araztegi bat edo arazketa-sistema bat saldu nahi badigu, 14 eguneko epea dugu uko egiteko, inolako azalpenik eman beharrik gabe. Horretarako, beharrezkoa izango da araztegia erabili gabe edukitzea eta zigilatuta egotea. Eta, jakina, ez dugu hura instalatzeko baimena emango, ezta aurrekonturik ez duen edo sinaduraren bidez onartu ez dugun obrarik egiteko ere.

Dena den, halako jokabideen edo antzeko beste batzuen biktima izan direnek, edo itzuli nahi duten produktu bat etxean jaso eta dagokion enpresak hura itzultzea onartzen ez dien pertsonek erreklamazio bat jar dezakete kontsumo-bulego batean edo ondorengo webgunean: https://www.kontsumobide.euskadi.eus/orri-generikoa/-/informazioa/kontsumo-arloko-erreklamazioak-nola-egin

 

Arloa edo saila