Legegintzaldi berriko lehen aurrekontuak proposatu ditu EH Bilduko gobernu taldeak

Az, 2023-11-15 13:40
  • 2024 urteko aurrekontuek 4 ardatz dituzte oinarri: herritarren eta herriaren zaintza, krisi klimatikoa, euskara eta berdintasuna.
  • Aurrekontuak osatzerakoan muga handiak izan ditu gobernu taldeak; udaleko hainbat kontraturen, pertsonal gastuen eta aurrez lotutako inbertsioen egoerak direla eta.
  • EH Bilduko gobernu taldeak lehen eskutik azaldu eta aurkeztu zien aurrekontu proposamena oposizioko alderdiei. Herritarren beharrei erantzuteko balizko proposamenak jaso eta aurrekontuak moldatzeko prestasuna ere adierazi zien.

Aurrekontuak udal kudeaketaren baitan tresna garrantzitsuak dira, bertan aurreikusten baita udalaren urteko jarduera nagusiak zeintzuk izango diren, eta baliabide publikoak zertan inbertituko diren.

EH Bilduko udal gorbernu taldeak aurkeztu berri du 2024ko aurrekontu proposamena. Mikel Arruti, Lezoko alkatearen esanetan “aurrekontuak osatzeko garaian 4 ardatz hauek izan ditugu kontuan: herritarren eta herriaren zaintza, krisi klimatikoa, euskara eta berdintasuna”.

Herritarren zaintzari dagokionean, egoera zaurgarrian dauden pertsonengan jarri da arreta, Gizarte Larrialdiko Laguntzak %25 handituz. Bestalde, Renfeko estaziora bidean dagoen ADIFeko eraikinean Pasaiak, Oiartzunek eta Lezok lankidetzan, bazterkeria egoeran daudenei eguneko zentroa eskaintzeko eraikina eraberritzeko inbertsioa egingo da. Aldiz, zerga ordenantzak eta horren baitan martxan jarritako hobari sistema hobetzen eta zabaltzen jarraitzeko, herritarren errentaren azterketa prozesua egitea aurreikusi da.

Iker Salaberria zinegotziaren ustez “arreta berezia eskaini nahi izan diogu haurren eta nerabeen ongizateari. Horretarako, euren aisialdiari begira, Lezoko jolas-parkeen mantenua hobetzeko partida handitu eta parke-sarea eraberritzeko parte hartze prozesua abiatuko da. Lezo, herri hezitzaileen sarea osatzen duen Oinherriko kide egitea ere erabaki da. Horrela, Lezoko belaunaldi berriekin hartu emanean dauden eragile guztien artean, herriko haur eta nerabeen sozializazio eta hezkuntza prozesua hobetzeko bidea jorratu dadin”.

Herriaren zaintzarekin lotuta, kontratua aspaldi amaitua eta eguneratu gabe zuten zerbitzuen kontratuak berritu eta egokitu beharra ikusi da. Hala izan da kale garbiketaren zein lorezaintza zerbitzuen kasuan. Zerbitzu horien antolaketa eta funtzionamendua berraztertu ondotik, kontratuak berrituko eta indartuko dira datorren urtean.

Arrutik gaineratu du “bizi dugun krisi klimatikoari erantzutea gaur egun dugun erronka handienetakoa da. Horretarako, lehen urrats gisa, gai horretan aditua den teknikaria kontratatuko da urtebeterako, Lezoko Udaleko energia eta aldaketa klimatikoko plana egiten hasteko”.

“Euskararen arloan, herritarrekin eta eragileekin lankidetzan euskararen plan-estrategikoa egitea, eta, bide horretan laguntzeko, Lezo UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) kide egitea aurreikusi dugu” esan du Iker Salaberriak.

Azkenik, feminismo sailak dagokion garrantzia izaten hasi dadin, sail horretara bideratutako diru-partida %33a igotzea proposatu du EH Bilduko udal gobernuak.

Dena den, Lezoko Udalaren aurrekontuak osatzerakoan, udal gobernuak muga handiak izan dituela aitortu du. Izan ere, pertsonal gastuak eta oinarrizko zerbitzuen kontratuek, nolabait esateko, gastu finkoek, aurrekontu osoaren ia %80a hartzen baitute. “Gauzak horrela, ekimen berriak abiatzeko edo inbertsioak egiteko aukerak dezente mugatuta daude, gaur gaurkoz” adierazi du Lezoko Alkateak.

Horrela, eragozpen nagusietako bat kontratua amaitua zuten hainbat udal zerbitzuren (kale garbiketa, lorezaintza, kiroldegia…) kontratuak eguneratzeko diru sailak definitzea izan da. Izan ere, zerbitzu horiek modu irregularrean garatzen ari baitziren. Udaleko kontratu handienak izanik, hori guztia erregularizatzen eta zuzentzen joateko, Lezoko aurrekontuetan zerbitzu horien kostuak eguneratu behar izan dira, eta horrek eragin nabarmena izan du.

Horrekin batera, langileen gastuak arrazionalizatu beharra proposatu du udal gobernuak, eta horretarako, besteak beste, aurreko legegintzaldian hainbat langileri onartutako ordainsari osagarriak (35.000€), bai eta alkateak zuen aholkulari postua ere (27.000€), bertan behera uztea proposatu du. Horrekin batera, soldaten inguruan aurrera begira hartu beharreko erabakiak definitzeko, datorren urtean lanpostuen azterketa prozesua egitea aurreikusi du.

Aurrekontuen aurkezpena oposizioari

Aurrekontu proposamena osatu orduko, orain arte ez bezala, oposizioarekin berariaz bildu zen EH Bilduko gobernu taldea, aurrekontuak osatzeko irizpideak azaltzeko eta proposamen horiek guztiak lehen eskutik aurkezteko. “Oposizioko taldeei euren ekarpenak egiteko aukera ere zabaldu zitzaien, jakina. Gobernu taldeak aurrekontuak moldatu eta lezoarren beharrei erantzuteko balizko proposamenak irekitasunez aztertzeko eta adostasunetara heltzeko prestasuna adierazi genien” gaineratu du Arrutik.

Gobernu talde berriaren lehen aurrekontuak dira. Horiek lantzeko izan duen denbora tartea zein aurrez aipatutako egiturazko mugak aintzat hartuta, ezin izan ditu nahiko lituzkeen proposamen guztiak bertan jaso. Edozein kasutan, aldaketak egiten hasia da, eta seguru dago hurrengo urteetan aldaketa horiek nabariagoak izango direla.