LEZOK 750.000€ INGURU JASOKO DITU IRISGARRITASUN, EREMU PUBLIKOEN ERABERRITZE ETA GIZARTE-INKLUSIO PROIEKTUETARAKO

Az, 2025-10-15 19:20

Lezoko Udalak 750.000 € inguruko diru laguntza jasoko du Europako Garapen Eskualdeko Funtsetik (EGEF). Herriko irisgarritasuna, bizigarritasuna eta gizarte-inklusioa hobetzeko proiektua finantzatuko du diru-laguntza honek.

Errenteriako, Oiartzungo, Lezoko eta Pasaiako udalek Europak Hiri Garapen Iraunkorreko Planetara zuzendutako Europako EGEF funtsaren bidez, 5,5 milioi euroko finantzazioa eskuratuko dute. Lezoko Udalak 750.000€ inguru jasoko ditu EGEF funtsetik eta Hiri Garapen Iraunkorreko planean jasotzen diren hainbat hobekuntza finantzatuko ditu.

Lezoko proiektuak hiru lan-ildo nagusitan banatzen dira: irisgarritasuna, eremu publikoen eraberritzea eta gizarte-inklusioa. Ildo horien baitan Lezoko Udalak hainbat proiektu garatzeko diru-laguntza da EGEF funtsaren bidez lortutakoa eta 2025-2029 bitartean garatuko diren proiektuak finantzatuko ditu.

Irisgarritasunari dagokionez, proiektu nagusia Jaizkibel Hiribidearen birsorkuntza eta irisgarritasunaren hobekuntza da. Herritarrentzat bizigarriagoa izan dadin, mugikortasun jasangarria bultzatu eta oinezkoentzat espazio seguru eta atseginak sortuko dira. Jaizkibel Hiribideak egun duen dinamikak oinezkoen irisgarritasuna zein zirkulazioa oztopa dezake, beraz, espazioa bera birplanteatu eta eskaintzen dituen aukerak landuko dira. 858.121,95€-ko aurrekontua dute lan hauek.

Eremu publikoen eraberrituz herria atseginagoa eta bizigarriagoa bihurtzen da, natur-guneak egokitzea eta berroneratzea da helburu nagusia. Horien artean, SCORE proiektuak barnebiltzen duen kaleen naturalizazioan aurrerapausuak emango ditu Lezoko Udalak, zehazki Aralar kalean. Bestalde, Altamirako parkea ere eraberritzea aurreikusi du, auzoa irisgarriagoa eginez, anfiteatroa zein ingurua egokitu eta parke atseginagoa bihurtuko da. Lan horien aurrekontua 404.417,77€-koa da. 

Azkenik, planaren beste puntu garrantzitsuenetako bat gizarte-inklusiorako baliabideak sortzea da. Horregatik, Oiartzungo eta Pasaiako udalekin batera, Lezoko Udalak bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentro bat sortuko du. Inklusiorako eta gizarte-babeserako gunea egokitzeko aurrekontua 594.442,84€-koa da.   

Lezoko udal gobernuak diru-laguntzaren onarpenaren balorazio positiboa egin du. Azpimarratu du Lezon eraldaketa positiboa eragingo duten aldaketak egiteko baliabide garrantzitsua dela diru-laguntza hau. Izan ere, Lezok kudeatuko dituen lan guztiek 2 milioitik gorako aurrekontua izango dute eta Europako EGEF funtsetik jasotako laguntzarekin aurrekontuaren % 35 inguru finantzatu ahal izango du. 

EGEF funtsaren bidez hobekuntza lan handiak, horien artean legegintzaldi planeko hainbat proiektu, egin ahalko ditu Lezoko Udalak. Gobernu taldeak adierazi duenez, herri eroso eta bizigarriago bat lortzeko estrategiaren baitan aurrerapauso garrantzitsua da diru-laguntza. 

Begirada zabalago bat eskainiz, proiektuak eskualdeko dimentsioa hartzerakoan aukera eta bide berriak zabaldu dira. Eskualde mailako estrategia izateak esfortzu eta baliabide gehiago eskatzen du plana osatzeko prozesuan. Udal gobernu taldeak adierazi duenez, kudeaketa egokiaren emaitza da onarpena, eta Lezo bizigarriago bat eraikitzeko duen konpromisoa berretsi du.
 

Arloa edo saila