Lezo Eszena programaren baitan, ekainaren 14ean eta 21ean, 10:00etatik 14:00etara dramaturgia tailerra gidatuko du Jokin Oregik dira Lezoko Kultura Aretoan. Antzerkia gustoko duen edo idazteko zaletasuna duen edozein pertsonak eman dezake izena.
Lezo Eszena Lezoko Udalak Hika Teatroa konpainiaren laguntzarekin martxan duen ekimena da. Herrian kulturarekiko sentsibilizazioa areagotu eta publiko berriak sortzeko helburua du. Programa horren baitan, dramaturgiarekin lotutako formazioak antolatu dituzte ekainaren 14ean eta 21ean. Antzerki testuen sorkuntzan interesa duten guztientzat pentsatutako topaketa sortzaile eta dinamikoak izango dira.
Lezoko Kultura Aretoan izango dira bi saioak, 10:00etatik 14:00etara, eta gidaria Jokin Oregi izango da, Lezoko Antzerki Testu Laburren II. edizioko irabazlea. Oregi aktorea, antzerki-zuzendaria eta antzerkigilea da, 2008tik Marie de Jongh antzerki taldearen zuzendaria da.
Ikastaroaren prezioa 40€-koa da eta edozein pertsonak hartu ahalko du parte. Izan ere, irekia izango da, idazteko grina edo zaletasuna dagoen pertsona orori zuzendutakoa, profesional baten eskutik dramaturgiaren ezaugarriak eta aukerak ezagutzeko saioak izango dira eta ez da aurretiko jakintzarik eduki behar.
Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko hika@hikateatroa.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.
Tailer honetan testu dramatikoaren oinarriak landuko dira, baita eszenaratzerako egokitzapena eta testuaren egituraketa ere, parte-hartzaile bakoitzaren sormenetik abiatuta. Helburua kultura eta dramaturgia herritarrengana hurbiltzea da; esperientzia aberasgarria izango da, bai idazle hasiberrientzat, bai antzerkiaren munduan sakondu nahi dutenentzat.