EUSKARA FUTBOLEAN LEHENTASUN IZATEKO LANEAN

Or, 2024-06-07 09:08

‘Kirola eta euskara’ mahai inguruan parte hartu zuten Maialen Pikabea Allerruko kideak, Mikel Azkune Touringekoak eta Mikel Labaka Realekoak, Gezalan.

Euskara futbolean, eta lehentasun gisa. Horretarako lanean ari dira Allerru Lezoko futbol kluba eta Touring Errenteriakoa. Mikel Labaka Realeko gizonen lehen taldeko bigarren entrenatzailea ere ahalegin horretan da bere klubean, beste kide batzuekin batera. Hala esan zuten Lezon Maialen Pikabea Allerruko zuzendaritzako kideak, Mikel Azkune Touringeko zuzendaritzakideak eta Labakak berak, udalak antolatutako Kirola eta euskara mahai inguruan. Gezala auditoriumean izan zen saioa, ordu eta erdikoa, Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetaria moderatzaile zela, eta 50 lagun bildu ziren. Lezoko Udala euskararen plan estrategikoa osatzeko fasean da, eta horren barruan kokatu zuen ekinbidea, Lezo euskaragarri ziklokoa. Mikel Arruti alkateak azaldu zuen euskararen erabilerarako espazioak sustatu nahi dituela udalak.

Aurrerapausoak

Pikabeak adierazi zuen Allerru euskararen aldeko politika garatzen ari dela. “Futbol eskolaren %95 euskaraz eskaintzen da, entrenatzaileen artean euskara da nagusi, zuzendaritza taldea euskalduna da, barne eta kanpo komunikazioa euskara hutsean dira…”. Touringen duela sei urte zuzendaritza talde berria sartu zen, Azkune da kideetako bat, eta hark uste du ordutik “hobekuntzak” izan direla euskararen alorrean. Labakak iritzi dio Realean ere aurrerapausoak izan direla, eta euskararen aldeko jarrera daukala klubak.

Zer hobetu

Baina badago zer hobetu, haien ustez. Pikabeak aitortu du Allerrun futbol federatuan euskara erabiltzeko ahalegin handiagoa egin behar dela. Azkunek ohartarazi du klubetan jende boluntarioa dagoela lanean, euskararen plan estrategikoak lanketa handia eskatzen duela eta gero horri jarraipena egiteko baliabideak falta direla. “Ez dago profesionalik horretarako. Nik hor ikusten dut gabezia bat”. Pikabeak erantsi zuen badutela futbol federatuan hizkuntza ohituretan eragiteko nahia, “baina denbora eta baliabideak, gutxi”.

Touringeko kidea Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritzako kidea ere bada, eta azaldu zuen euskararen alorrean, momentuz, “barrura” begirako lan bat ari direla egiten, badaudela emaitzak —adibidez, azkenaldian, berrehun entrenatzaile pasak euskaraz soilik egin dute ikastaroa—, baina ez direla herrialdeko klubetara iristen laguntza emateko.

Labakak aipatu zuen Reala enpresa bat dela, Espainiako Estatuko liga batean parte hartzen duela eta klubeko arduradunek bi faktore horiek kontuan hartzen dituztela hizkuntza irizpideak ezartzean. Hala, Labaka klub barruan “mugak” ikusten ditu euskararen ikusgarritasunerako eta hedapenerako. Esate baterako, haren hitzetan, prentsaurreko garrantzitsuetan protagonistak gaztelerara jo dezan politika ezartzen da klubetik bertatik. “Jokalariek egiten dituzte prentsaurrekoak euskaraz soilik, aurrerapauso bat izan da hori, baina askotan edukirik gabeko prentsaurrekoak izaten dira. Foku denak gainean daudenean ere egin behar da euskaraz”. 

Beste kasu bat ere kontatu zuen Realeko entrenatzaileak: atzerritik jokalariak edo entrenatzaileak datozenean, haiek nahi duten hizkuntzan hitz egiten dute hedabideen aurrean, “erosoago sentitzen direlako edo hobeto adierazten direlako, eta klubak jartzen du itzultzailea”, baina deitoratu du euskaraz aritu nahi duenarekin ez dela horrelakorik gertatzen eta gaztelerara jotzen dela. “Realean ez dago erdararen plan estrategikorik, baina oso ondo funtzionatzen du…”. 

Realeko entrenatzaileak bezala, Azkunek eta Pikabeak uste dute gazteentzat “erreferentzia” direla kirolari profesionalak, eta jokalari euskaldunek jendaurrean euskaraz egiteko pauso bat egin beharko luketela. Ados agertu zen Labaka: “Futbolak gizartean duen eraginagatik ere, ahalegin handiagoa egin behar da euskara sustatzeko”.

Sentsibilizazioa

Hiru hizlariek sentsibilizazioa aipatu zuten, eta funtsezkoa dela hor “koska bat” gora egitea. “Garai batean euskararen alde kalean zegoen sentsibilizazioa berreskuratu behar dugu; bestela, bide okerretik goaz”, adierazi zuen Azkunek. Pikabearentzat, garrantzitsua da “kontzientzia piztea”.

Era berean, Allerruko kidearen iritziz, erakunde publikoen laguntza beharrezkoa da euskara planak egiteko eta irizpideak jarraitzeko. Gaur egun gabezia hori badela esan zuen. “Laguntza eta babesa behar ditugu”.

Labakak norberaren jarreran ere jarri zuen azpimarra. “Gure hizkuntzarekiko beste jarrera bat behar dugu. Adibidez, kanpotik datozenei esan behar diegu euskaldunak garelako hitz egiten dugula euskaraz, ez informazioa-edo ezkutatzeagatik. Pilota pasatu behar diegu euskara ez ikastea erabaki duenari”. Euskaraz aritzeagatik azalpenak eman beharra nekagarri suertatzen da, haren ustez; “besteei ez zaie galdetzen hori”. 

Etorkizuna

Azkunek hitz eman zuen Touringen eta Gipuzkoako federazioan segituko dutela euskararen garapenerako pausoak ematen. Pikabeak ere esan zuen jarrera horretan dela Allerru. “Egiten den guztiak balio du euskara bizirik mantentzeko. Zaindu dezagun maite duguna”. “Mezu itxaropentsu” horrekin bukatu zuten Lezoko Udalak antolatutako mahai ingurua.

Arloa edo saila