EUSKARA IKASTEKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA, MARTXAN

Og, 2024-07-04 13:41

Web-orriak euskaraz jartzeko laguntza emango da lehen aldiz

Lezoko Udalak euskara ikasteko dirulaguntza deialdia argitaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Laguntza-lerro honen helburu nagusietako bat, euskararen ezagutza eta hobekuntza sustatzea da, familia giroan eta gizartean oro har, euskararen erabilera bultzatuz. 

Aurten, dirulaguntza hauetara 35.300 euro bideratuko ditu Udalak, eta, aurreko urtearekin alderatuta, berrikuntza batekin dator, izan ere, euskarak web orrietan duen presentzia areagotzeko asmoarekin, web-orriak euskaraz jartzeko dirulaguntzak emango dira. Horretarako, oinarri orokorretan jasotakoaz gain, bete beharreko baldintzak hauek dira:

  1. Jasotzaileak izango dira, helbide fiskala Lezon kokatua duten pertsona juridikoak.
  2. Dirulaguntza behin bakarrik eskatu ahal izango da. 
  3. Web-orriak elebitan izango dira eta itzulpen lanak lagunduko dira diruz. Dirulaguntza jasotzeko hizkuntzaren kalitatea eta zuzentasuna bermatu beharko dira. 
  4. Ez dira diruz lagungarri izango, ez web pertsonalak, ez irakaskuntzari lotutakoak, ez iraingarriak edo alderdi politikoenak edota Lezoko Udalak lehendik diruz lagundutakoak.
  5. Web orriaren edukietan genero perspektiba eta hizkuntza ez sexista kontuan izan beharko dira.

Zazpi dirulaguntza lerro 
2024 urteko dirulaguntza deialdiak, zazpi lerro hauek jasotzen ditu. Dirulaguntzak urtean zehar eskatzeko aukera dago, baina, lehenengo lerroaren kasuan (Euskara ikasi euskaltegian), uztailaren 30a baino lehenago eskatu beharra  dago.  Oinarri zehatzak eta eskabideak egiteko eranskinak, Lezoko Udaleko webgunean eskuratu daitezke (diru-laguntzak atalean).

Hauek dira zazpi lerroak:

  1. Euskara ikasi euskaltegian (Lezoko Udalak euskaltegiko matrikulen %100 itzultzen du % 75etik gorako asistentzia duten ikasleei).
  2. Unibertsitateko udako euskaraz emandako ikastaroen matrikulazioa: UEU eta EHU-UPV.
  3. Aisialdiko begirale/zuzendari ikastaroaren matrikulazioa kostuak.
  4. Elkarteen/Erakundeen lokaletako edota merkataritzako enpresetako errotulua euskaraz jartzeko.
  5. puntu.eus domeinua hartzeko.
  6. Web-orriak euskaraz jarri.
  7. Udalerriz gaindiko eremuetan euskara sustatzen dabiltzan erakundeentzakoak.
Arloa edo saila