Otsailaren 14an hasiko da Motxian Eby bideo-erronka lehiaketa

Ar, 2023-02-07 14:31

Sua Enparantza aktore eta dantzariak botako dizkie erronkak Oarsoaldea eskualdeko 12-17 urte bitarteko gazteei. Proposamen onenek sari ezberdinak irabaziko dituzte.

“Motxian Eby” bideo-erronka lehiaketa antolatu du, hirugarren urtez, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, eskualdeko 12 urtetik 17 urtera arteko gazteentzako. Aurten, Sua Enparantza aktore eta dantzariak botako dizkie erronkak eskualdeko gazteei; hamabost egunean behin, bideoz grabatuta gainditu beharreko desafioa botako die. Egitasmoak hilabete iraungo du eta, beraz, guztira, bi erronka proposatuko ditu Suak aurtengo edizioan. 

Erronka bakoitza otsailaren 14an eta otsailaren 28an proposatuak izango dira, www.motxianeby.eus webgunean. Adibide bat jartzearren, musika bat eman eta harentzako koreografia bat asmatzea edo sortzea… horrelako erronkak planteatuko dira. Parte-hartzaileek gehienez bi minutuko iraupena duten bideoak egin beharko dituzte.

ERRONKA BAKOITZEKO, HAINBAT SARI

Lanak www.motxianeby.eus webgunearen bidez bidali beharko dira. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta lehiaketari buruzko gainerako jakingarriak arestian aipatutako webgunean dituzue eskuragarri. Epeak honako hauek izango dira:

- 1. erronkari dagokiona, otsailaren 24an.

- 2. erronkari dagokiona, martxoaren 10erako.  


SARIAK

Zirikatzaile lanak egingo dituen Sua Enparantzak  eta Kuadrillategiko gazteek erabakiko dituzte sarituak. Hauek izango dira sariak:

  • Erronka bakoitzeko (bat hamabostaldi bakoitzeko) bideorik onena: 150€ko saria.
  • Bi erronkak amaitzean, bideo guztien artean onena: 200€ko saria
  • Herri bakoitzeko bideo onena: 50€ko saria.

Amaitzeko, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak lehiaketan parte hartzera animatu nahi ditu eskualdeko gazteak.

Arloa edo saila