Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu Programaren barruan kokatzen da eta Lezoko Udalaren eta Aubixa, Aptes, Helduak Adi, Aiton Borda eta Agijupens erakundeen laguntza du.
Adinberri Fundazioak BIBE (Bizitza Berria eta Betea – Nueva Longevidad y Vida plena) proiektuaren berri eman du gaur Lezoko Udaletxeko Areto Nagusian. Horren bidez, zahartzaroak gizarte aurreratuetan duen erronka garrantzitsuenetako bati erantzun nahi zaio: zahartzaroan bizitza oso bat lortzea eta gero eta urte gehiago bizi diren pertsonez osatutako gizarte baten aurrerapena eta kohesioa lortzea. Proiektu hau bat dator Adinberriren Berrikuntza Agenda berriaren lehentasunezko erronketako eta jarduera-ildoetako batekin, eta Gipuzkoaren ekarpena izan nahi du longebitatearen eta bizitza betearen paradigma berria garatzeko.
Saio honek ekimena aurkezteko balio izan du. Ekimenean Adinberriko ekosistemaren sare zabal batek parte hartzen du eta Lezoko adineko pertsonei, "BIBEko benetako protagonistei", zuzenduta dago, baita udalerriko komunitate osoari ere, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatu eta Adinberriko presidenteak azaldu duenez. Harekin batera, BIBEren aurkezpenean izan dira Lide Amilibia, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea; Rakel San Sebastian, Adinberri Fundazioko zuzendaria; Mikel Arruti, Lezoko alkatea; Felix Elcoroiribe, Agijupenseko eta Euskofederpen-eko presidentea; Lurdes Ubetagoyena, Aubixako presidentea; Karmele Acedo, Apteseko presidentea; Antonio Campos, Helduak Adiko presidentea; eta Javier Rodrigo, Aiton Bordakoa.
BIBE proiektua Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu Programaren barruan kokatuta dago eta bere helburua da egoera ahulean dauden eskualdeen edo lehentasunezko jarduera-eremuen ekonomia eta enplegua suspertzea. Programa horren bidez, Adinberri Fundazioa arduratzen da Oarsoaldea zahartze aktibo, osasungarri eta zentzudunaren sustapenean erreferente bihurtzera bideratutako jarduerak bultzatzeaz, bizitza bete bat garatzea eta bizitza horren sustapen sozio-ekonomikoa lortzea helburu hartuta.
Hala, BIBEk bat egiten du eskualdean zainketen eta zahartzearen esparruan aktibatutako proiektuekin. "Oarsoaldea eremu sozialean esperimentatzeko eta ikasteko gune bihurtzen ari da, erakunde eta entitate sozial guztien eta komunitatearen beraren ahalegin partekatuarekin, hazten jarraitzeko eta Gipuzkoako beste leku batzuetan erreplikatu ahal izateko asmoa duten proiektu aitzindariak abian jarriz", errepasatu du Maite Peñak.
Lezoko alkatea den Mikel Arrutik nabarmendu du “aurrean ditugun erronkak konplexuak, mota askotarikoak eta berriak” direla, eta “erantzun berriak” bilatu behar direla “guztion artean, elkarrekin arituz”. “Ilusio handiz” hartu du BIBE proiektua Lezon garatu ahal izatea, “sinetsita baikaude emaitza emankorrak ekar ditzakeen proiektua dela” eta Lezon osatuko den eredua beste herrietara zabaltzeko aukera egongo dela.
Proiektu honetan, Adinberrik hainbat erakunderen laguntza du: Lezoko Udala, Aubixa Fundazioa, Aptes, Helduak Adi, Aiton Borda Lezoko Jubilatuen Elkartea eta Agijupens. BIBE gauzatzeko, 18 hilabeteko iraupena izango duena, Adinberrik 300.000 euro jarriko ditu, Eusko Jaurlaritzarekin Berpiztu programaren esparruan sinatutako hitzarmenaren bidez, eta Lezoko Udalak beste 45.000 euro.
Ikerketa eta hedapena
BIBE ekimenak bi dimentsio ditu: banakakoa eta kolektiboa. Banakakoari dagokionez, pertsonek ahalduntzeko eta beren bizitza bete-betean bizitzeko prozesuak, espazioak eta dinamikak erraztea du helburu. Zentzu horretan, besteak beste, Lezoko adinekoak gaitzeko eta ahalduntzeko ekintzak garatuko dira, zahartzaroan bizitza betea lortzen laguntzeko. Bestalde, dimentsio kolektiboaren helburua da pertsonen bizitza betea eta Gipuzkoako gizartearen hobekuntza erraztea, adineko pertsonen kolektiboak beste belaunaldi batzuekiko eta guztion ongia lortzeko gizarte-erantzukizuna izan dezan.
Proiektu hori definitzeko, talde eragile bat sortuko da entitate eta profesionalekin, bizitza betea zer den sakon berrikusiko da, euskal herritarrentzako zentzu-iturriak zein diren ikertuko da, baita Lezoko herriarentzako ikuspegi espezifikoena ere, eta informazio hori guztia tokiko eta nazioarteko adituekin alderatuko da. Proiektuaren zati hori Aubixa Fundazioak gidatuko du.
Horren ondoren, BIBE hedatuko da Lezon, kasu honetan Aptesen gidaritzapean, sei edo zortzi hilabetez. Fase honetan, Aiton Borda Lezoko Jubilatuen Elkartearekin batera, bizitza oso bat lortzeko ekintzak osatzeko ekimen zehatzak asmatuko dira. Une horretatik aurrera, proiektuak probatuko dira, ikusteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta zer hobekuntza ezar daitezkeen. Gainera, ekimenen eragina neurtuko da, eta horiek arin hedatzeko modukoak izango dira. Horrela, neurketak eta ikaskuntzak aztertuko dira, aldaketa pertsonala eta soziala errazten duten elementuak xehetasunez definitzeko.
Proiektuak Aholku Batzorde bat izango du, gaian aipagarriak diren hainbat eragilek osatua, eta, era berean, Helduak Adi elkarteak aktiboki parte hartuko du ekimen osoan zehar.