Gizarte Zerbitzuek, Karmele Gurrutxaga psikologoaren kolaborazioarekin, “Zaintzailea zaintzen” hitzaldia antolatu dute apirilaren 9an arratsaldeko 17:30etan Kultura Aretoan
Familia ugarik beraien adineko senideak zaintzea aukeratzen dute, nahiz eta senide hauek desgaitasun arazo larria izan. Baina menpekotasuna duen pertsona bat denbora luzez zaintzeak neke fisikoa eta psikologikoa sortzen du eta kasu askotan zaintzaileak bere beharrak ahazten ditu. Pertsona hauei laguntza emateko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gizarte Zerbitzuen bitartez, baliabide desberdinak eskaintzen ditu, senideen autolaguntza taldeak kasu; hauen artean Lezoko taldea. Talde hauek zaintzailea zaintzea kontzeptutik abiatzen dira. Modu horretan, honek eskaintzen duen arreta kalitatea hobea izango da eta, era berean, neke fisiko eta emozionala hein handi batean saihestea lortuko da. Egoera berdinean dauden pertsonak, esperientziak eta arazoak euren artean partekatzeko lekuak dira. Hauek elkarbanatzen direnean, pertsonek pisu bat kentzen dutela sentitzen dute, arinduak sentitzen dira. Gainera, menpekotasuna duen pertsonarekin harremanari mesede egiten dio eta familia osoari baita ere, betiere zaintzaileak berarentzat espazio bat hartzea onartzen badu.
Talde hauetan maiz aipatzen dira gai hauek:
- Zaintza lanak eta plangintzak
- Mugak eta ondorioak: erantzukizun partekatua
- Ondorioak norberaren osasun fisiko, mental, emozional eta sozialean
- Norberaren zaintza: norbera zaintzea besteak zaintzeko – zaintzaren arriskuak
- Emozioen kudeaketa – estresa eta erlaxazio teknikak
Hau guztiarengatik, garrantzitsua eta beharrezkoa da etxean zaintzak egiten dituzten pertsonak ikusgai egitea: horien lanaren balio emozionala, soziala, etab. aitortzeko; eta beraien bizitza pertsonal eta soziala ahal den heinean normalizatzeko. Ildo horretan, Lezoko udalak, Karmele Gurrutxaga psikologoaren laguntzarekin, Matia Fundazioko kolaboratzailea, besteak beste, Lezoko autolaguntza taldearen dinamizatzailea, “Zaintzailea zaintzen” hitzaldia antolatu du, apirilaren 9an, arratsaldeko 17:30etan Donibane kaleko Kultur Aretoan, gai guzti hauei buruz hitz egiteko. Interesa duten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu, zaintzaileak izan edo ez, bertan parte hartzeko baliabide hauen ikuspegi zabalagoa izan dezaten.