Gaintxurizketako bi autobus geltoki berriak martxan dira

Ar, 2025-07-29 12:06

Dagoeneko martxan dira Gaintxurizketako autobus geltoki berriak. Behin-behineko pasabidearen ondoan kokatuta daude; zehazki, Perrene auzorako oinezko bidearen ondoan (Hondarribirako norabidean) eta Errekalde bailaran, Euskotreneko geralekutik metro gutxira (Donostiarako norabidean).  

E20 (Hondarribia>Donostia), E26 (Irun>Donostia N-I), E27 (Hondarribia>Donostia NI) eta E77 (Hondarribia>Donostia gaua) lineek erabiliko dituzte geltoki horiek. 

Garraio publikoa erabiltzeko sarbide segurua izango dute bizilagunek, bai eta industriaguneko langileek. Orain arte Gaintxurizketako autobus geltoki bakarrak biribilgunearen inguruan egon dira. Gune deserosoa da, bai irisgarritasun bai eta segurtasun aldetik. 

Lezoko Udalak modu positiboan baloratu du bi geltoki berri hauek martxan jartzea, GI-636 errepidea igarotzeko behin behineko pasabidearekin batera, Gaintxurizketako herritar edota langileen segurtasun eta mugikortasunean aurrerapausu handia da.

Mikel Arruti alkateak adierazi duenez, beharrezkoa zen garraio publikoa bizilagunentzat irisgarriagoa eta erabilerrezagoa egitea: “urte askotako egoerari irtenbidea emango dio, Azahara Dominguez diputatuak gidatzen duen Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailarekin elkarlanean eraiki dira eta hobekuntza handia ekarriko dute”. Aldi berean, Gaintxurizketako bizilagunek hasieratik izan duten jarrera nabarmendu nahi izan du, “GI-636 errepidearen segurtasuna hobetzeko bizilagunen aldarriak ezinbestekoak izan dira, eta prozesu guztian izan duten elkarlanerako eta laguntzeko jarrera eskertu nahi diegu”.