Lezo 2030 Izan Herrigile agenda onartu da

Or, 2023-01-27 19:09

5 ildo estrategikoetan eta 130 ekintza baino gehiagotan egituratua dago.

Udalbatzaren azken osoko bilkuran Lezo 2030 “Izan herrigile” agenda onartu zen.

Dokumentu estrategiko honen helburua etorkizuneko udal politikak eta proiektuak NBEk onartutako garapen iraunkorreko helburuekin lerrokatzea zen. Horrela, Lezok datozen urteetako udal kudeaketa errazten duen tresna bat izango du, auzotarren, gizarte kolektiboen eta gardentasunaren parte hartzea oinarri delarik.

Lezo 2030 Agenda 5 ildo estrategikotan eta 131 ekintza espezifikotan egituratuta dago, lurralde eta ingurumen eremuan ez ezik, udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialean ere, hobekuntzak ekarriko dituztenak.

Jesus Mari Martiarena alkatearen iritziz: “datozen urteetan jarraitu beharreko bidea markatuko duten ekintzak dira, herri eredu jasangarriagoa, inklusiboagoa, ingurumena errespetatuko duena, irisgarriagoa eta berdintasunezkoa sortzeko”.

Hasierako diagnostikotik abiatuta eta auzokideen, tokiko eta eskualdeko eragileen eta arlo bakoitzeko udal teknikarien parte-hartzearekin, Lezoko Udalak dokumentu estrategiko bat dauka, udalerria planifikatu, diseinatu, finantzatu eta kudeatzeko moduan aldaketa ekarriko duena. Ez da dokumentu itxia, baizik eta parte hartzeko prozesu ireki eta malgu baten abiapuntua, gardentasun- eta zeharkakotasun-irizpideak txertatuz.

Joxean Sanchez Ingurumeneko zinegotziaren ustez: “Agenda 2030ak Lezo eskualde-mailako erreferentetzat ezarriko du. Jasangarritasunean, klima-aldaketaren inpaktuak aurreikusten eta murrizten lagunduko du, baliabideen kudeaketa jasangarria egiten eta ekonomia zirkularra eta mugikortasun iraunkorra bultzatzen ere. Aldi berean, gizarte-kohesioa eta enpleguaren sorrera eta jarduera ekonomikoaren dinamizazioa sustatuko ditu.


2030 Agendaren ildo estrategikoak ondorengoak dira:
1- Hiri-eredu jasangarri bat sortzea, herritarren ongizatera bideratua, klima-aldaketara egokituko dena.

2- Trantsizio sozioekologikoan, inklusiboan, berritzailean eta iraunkorrean oinarritutako garapen ekonomikoa bultzatzea, enplegu integrala eta kalitatezkoa bultzatzeko.

3- Herritar guztien ongizatea bermatuko duen gizarte bat eratzea.

4- Kulturaren, kirolaren eta hezkuntzaren arloko sorkuntza eta eskaintza zabala sustatzea, eragileen arteko lankidetzan oinarrituta.

5.- Lezo udalerri iraunkorra izatea, udal-gobernantza eta eredu berriaren bidez.

Helburu horiek lortzeko gauzatu beharreko 131 ekintzen artean honako hauek daude, besteak beste:

- Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena, egungo beharretara egokituz.

- Industrialdeak biziberritzeko planak egitea.

- Udalerrian interesa duten elementu ekologikoak eta paisaiari dagozkionak zaintzea eta berreskuratzea, eta ingurumen-hezkuntza sustatzea, natura-ingurunea eta hiri-biodibertsitatea aintzat hartuta.

- Hirigunean ibilgailuen zirkulazioa murrizteko eta moteltzeko, bidegorrien sarea osatzeko eta aparkalekuak eraikitzeko neurriak.

- Landa eta industria-eremuetara garraio publikoa bermatzea.

- Udaleko larrialdi-plana egitea.

- Udal-eraikinetan eta eraikin pribatuetan energia-iturri berriztagarriak instalatzea, azken horietarako laguntzak eskainiz.

- Altamira auzoa udalerriko gas-sarearekin lotzea.

- Ekintzailetza eta enplegua sortzeko aukerak bultzatzea.

- Tokiko merkataritza biziberritzeko ekintzak.

- Landa-inguruneari eta tokiko produktuen kontsumoari balioa ematea.

- Eguneko zentroko eta tutoretzapeko etxebizitzetako plazak gehitzea.

- Bizi-ohitura osasungarriak bultzatzeko ekimenak sustatzea.

- Gazteei eta haurrei zuzendutako zerbitzuak eta programak abian jartzeko baliabideak prestatzea.

- Udalaren mugikortasun-plana eta berdintasun-plana betetzea.

- Etxebizitza-premiei buruzko azterlan bat egitea.

- Etxebizitzak birgaitzea eta alokairu soziala bultzatzea.

- Espazio publikoetan euskararen erabilera areagotzea.

- Egungo beharrei erantzungo dien kultura-ekipamendua eta balio anitzekoa eraikitzea bideragarria den aztertzea.

- Adinekoentzat parke osasungarri bat sortzea Altamiran.

Arloa edo saila