Lezoko Institutuko ikasleak Eskolako Agenda 2030 programaren baitan klima-aldaketaren erronkari heldu diote. Azken bi ikasturteetan ingurumenarekin eta klima aldaketarekin zerikusia duten gaiak landu dituzte modu teoriko eta praktikoan.
Iaz, herriko parke eta berdeguneen azterketa egin zuten, eta ikasturte amaierako udal-foroan aurkeztu zizkieten udal ordezkariei euren ondorioak eta hobekuntza-proposamenak. Aurten, berriz, ikasleek Altamira parkea jarri dute euren lanaren erdigunean: ikastetxearen alboan dagoen basogunea hobeto ezagutzeko eta zaintzeko konpromisoa hartu dute.
Lezoko Udalaren laguntzari esker, Aranzadi Zientzia Elkarteko Yoana Garcíaren gidaritzapean, DBH1eko ikasleek Altamira parkeko 12 zuhaitz espezie autoktonoren identifikazioa landu zuten aurreko astean. Inguruko ohiko zuhaitzak aukeratu zituzten, ingurumenarekiko ezagutza eta lotura sendotzeko asmoz.
Urriaren 28an eta 29an egin zuten landa lana. Aranzadiko kideak Altamirako parkearen balioa azpimarratu zuen: Lezon daukagun altxorra da—itzala, freskotasuna, aire garbia eta atseden-gune bizia eskaintzen dituena—.
Ikasle talde bakoitzak mapa, karpeta eta gako dikotomiko bat izan zituen lanerako. Mapa erabiliz orientatzen ikasi zuten, eta gakoaren bidez, espezie bakoitza identifikatzeko teknika zientifikoak landu zituzten. Aranzadiko adituak zuhaitz bakoitzaren ezaugarriak, jakin-mina pizten duten bitxikeriak eta ingurumenari egiten dioten ekarpena azaldu zizkien. Horrela, ikasleek datu guztiak bildu zituzten, zuhaitz bakoitzaren identifikazio-fitxa sortzeko eta hostoak ere jaso zituzten herbario bat osatzeko.
Lan horri jarraipena emango diote DBH1eko Natura Zientzietako klaseetan. Helburua argia da: zuhaitzen karakterizazio-fitxak osatu, herbarioa burutu, eta egindako lana ikastetxeko webgunean eta herritarrekin partekatzea.
Eragile ezberdinen elkarlanarekin aurrera eramandako proiektu honi esker, Lezoko Institutuko ikasleak, Altamirako parkeko zuhaitzak ezagutuz eta zainduz, etorkizun berdeago eta jasangarriago baten sustatzaile bihurtu dira.