Lezoko Udalak asteartean, azaroaren 11n aurkeztuko du Lezoko Klima eta Energia trantsizioaren aldeko ekintza-plana, 18:00tan Pleno Aretoan. Plan horrek herriak klima-aldaketa arintzeko egin beharreko moldaketak eta hobekuntzak jasotzen ditu eta 2040 urtera bitarteko indarraldia izango du.
2024an abiarazi zuen Lezoko Udalak klima-aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasak gutxitzera eta klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko gai den herriaren alde egiteko ekintza-plana. 2030 urterako denbora-horizontean ezarritako helburuak lortzeko asmoz, klimaren aldeko ekintzan aktiboki jarduteko konpromisoa du udalak. Hala ere, epe luzeko ikuspegiarekin landutako plana izan da, ibilbide-orrian 2050era begirako ekintzak ere jasotzen baititu.
Plan honen 2040 urtera bitarteko indarraldia izango du eta bere helburuen artean honakoak erdietsi nahi ditu:
- Herrian kokatutako sektoreek (udala barne) emititutako berotegi efektuko gasen isurpenak nabarmenki murriztea.
- Udal jardueran eta Lezon kokatutako gainerako sektoreetan (etxebizitzak, zerbitzuak, industria, lehen sektorea, eta abar) energia aurreztea, energiaren erabilera eraginkorra izatea eta behar den energiaren zatirik handiena 0 Km filosofiarekin bat datorren jatorri berriztagarrikoa izatea.
- Lezon klima-aldaketari lotutako inpaktuek eragin ditzaketen kalteak aurreikustea, prebentzio-neurri eraginkorrak finkatzea eta klima-aldaketara egokitzeko neurriek herritarren osasunean eta natur ondarean eragin positiboak ekartzea.
- Lezoar guztiak klima-aldaketa eta energia-trantsizioan ahalduntzea eta eragile ezberdinen arteko elkarlanerako sareak osatzea, klima-aldaketa guztion erronka delako.
2024 urtean ekintza-plana diseinatzeko oinarria izan den herriko diagnostikoa aurkeztu zuen moduan, Lezoko Udalak ekintza-planaren diseinuan ere herritarren ekarpenak jaso nahiko lituzke. Hori dela eta, azaroaren 11n, 18:00tan, udaletxeko udalbatza aretoan, ekintza-plana aurkeztu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek. Horretarako, udalak eragile zein herritarrak bertaratzeko gonbidapena egiten du.