Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2025 Kirol Kanpaina, hamaseigarren urtez jarraian. Kirol eskaintza oparoa aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Pasaian, bertan izan dira lau udalerrietako kirol zinegotziak Leire Mazizior (Errenteria), Mireia Kuesta (Lezo), Edorta Fernandez (Oiartzun) eta Julen Rodriguez (Pasaia).
UDA 2025 Kirol Kanpaina lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek izan dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea.
Lau udalerrietan eskaintza oparoa dago: piraguismoa, arrauna, txirrinda, paddle surf-a, igeriketa, gimnasia erritmikoa, dantza, eskalada, gazte fitnessa, bela, urpekaritza, aquagym-a, zumba, cycling-a, zirko tailerra, tenisa, pilota, judoa, paddela, txirrinda eskola,… gustu guztietarako.
Halaber, bertan jasotzen dira kirol guneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak eta jardueren prezioak.
Jarduera aniztasuna
Aurreko urteetan martxan jarritako eta gure eskualdean hain ohiko ez diren hainbat jarduera, Paddel Surf, Denok Dantzara, XC eta Enduro (txirrindularitza mendian)… besteak beste, eskaintzen segituko dute udalek.
Udaran antolatzen den ekimena izanik, azken urteetan, eta aurten bereziki, indarra eman nahi izan diete ITSASOArekin zerikusia duten jarduerei, eta aurten ere eskainiko diren piraguismoa, arrauna, eta Paddel Surf ekintzak egin ahal izango dira.
Herritarrak animatu nahi dituzte horietan parte hartzera. Jarduera horiek ingurune naturalean egiten dira eta badia beste ikuspegi batetik ikusteko eta bizitzeko aukera ematen dute.