Lezo Institutuko DBH 2ko ikasleak Lezoko Udalean izan dira ikasturtean zehar Eskolako Agenda 2030 programan egindako lana aurkezteko. Mikel Arruti Lezoko Alkateak eta Leire Beteta Ingurumen Teknikariak euren proposamenak eta kezkak entzun dituzte.
Lezo Institutuko DBH 2ko ikasleek Mikel Arruti Lezoko alkateari eta Leire Beteta Ingurumen Teknikariari ikasturtean zehar egindako lana aurkeztu diete. Eskolako Agenda 2030 programaren baitan klima-larrialdia landu dute, eta horren harira, herriko parkeak aztertu dituzte.
Egindako lana eta azterketaren ondorioak aurkeztu dituzte Lezoko udaletxean. Herriko parkeen egoera, beharrak eta hobetzeko proposamenak azaldu dizkiete alkateari eta teknikariari. Proposamen horien artean, itzal gune gehiago sortzea, mantenu lanak egitea edota uraren erabilera jasangarriago bihurtzea egon dira.
Arrutik eta Betetak adi entzun dute ikasleen aurkezpena eta eskerrak eman dizkiete egindako lanagatik eta Lezoko Udalari helarazteagatik. Hain zuzen ere, Lezoko Udalak abian duen parke-sarea eraldatzeko prozesuan jasota dauden hainbat egoera azpimarratu dituzte ikasleek.
"Pozgarria da gazteek ardura eta kezka hori adieraztea, herriaren zaintza zuen zereginen artean dago eta zuengandik jasotzeak garrantzia handia du Lezoko Udalaren prozesuetan. Poliki-poliki proposamen horiek lantzen joango gara eta egin beharreko lanak hastea aurreikusita daude", adierazi die alkateak, eskerrak emanez.