Zabalik da Euskaraldian izena emateko epea

Og, 2020-10-01 11:34

Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4a bitartean ospatuko da eta helburu izango du gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea.

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua.

2018an ospatu zen jada lehen Euskaraldia eta hark izandako harrera ezin hobeari eta arrakastari helduz, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, Euskaraldiaren bigarren edizioa ospatuko da.

Lezori dagokionean, herriko Euskaraldiaren Batzordea hasia da jada prestakuntza eta antolaketa lanetan eta horri jarraiki, jakinarazi du dagoeneko zabalik dagoela Euskaraldian izena emateko epea.

Parte hartzeko interesa dutenek https://izenematea.euskaraldia.eus webgunean eman ahal izango dute izena eta 2018an bezala, parte-hartzaileek bi rolen artean aukeratu beharko dute: Ahobizi ala Belarriprest.

Ahobizi aukeratuz gero, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz mintzatuko da pertsona hori uneoro eta kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo ditu. Belarriprest izanez gero, norberak bere gaitasun eta aukeren arabera erabakiko du euskaraz noiz eta norekin egin, baina euskara dakitenei uneoro euskaraz hitz egitea eskatuko die.

Helburua da guztion artean gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik. Horregatik, Lezoko Udalak eta Lezoko Euskaraldiaren Batzordeak dei egiten die herritarrei Euskaraldian izena eman dezaten.

Arloa edo saila