Kale antzerkiko ikuskizuna hasiko da plaza batean. Artistek hasiera emango diote ikuskizunari, eta, hasi eta gutxira, antzezlana egiten ari diren lekuaren inguruan, auzokide bat altuera batera igoko da, eta bere buruaz beste egiteko mehatxua egingo du.
Azpian bilduta dagoen jendetza ikustean, hainbat gatazka konpondu beharko ditu: kenduko al dira salto egin dezan? Kentzen ez badira, euren gainetik egingo ote du salto? Zer egingo dute ikusleek egoera hain deseroso horren aurrean? Zergatik erabakitzen du norbaitek halakorik egitea? Ba al dugu gure bizitza eteteko askatasunik?
Suizidioa da, zoramenarekin batera, gizartean eta norbanako gisa dagoen tabu handienetako bat. Zoramena eta suizidioa, hala ere, ez daude hertsiki lotuta, nahiz eta sarritan hori sinestarazten saiatzen diren.
Ikuskizun mota
Gure aurreko ikuskizunean (Desahucio - Kale gorrian), lehen solairu bateko balkoian kokatu genuen egoera, eta, hala, pertsonaiek bazuten ikusleekin elkarrekintza ezartzeko lehen eszenatoki bat. Benetako etxe bat bezain benetakoa zen eszenatoki bat.
Oraingoan ere, kalea hartu nahi dugu berriro, espazio eszeniko moduan aldarrikatu, eta herri guztia gure lekuko bihurtu, suizidioa bezalako gai hain delikatua lantzeko zuzen-zuzenean.
Ikusleak antzezlanaren parte aktibo bihurtu nahi ditugu, hau da, antzerkia ikustera joate hutsagatik, egoeran inplikatuta egongo dira. Horregatik iruditzen zaigu hain garrantzitsua abiapuntua benetako egoera bat izatea.