Aurkeztu da Bigarren Berdintasun Plana

Ar, 2014-10-14 08:07

Naiara Arri: “Herritarren esku dago ahalik eta ingurune berdinzalenean bizitzeko ahalegina egitea jarrera propioak landuz”

Lezoko Udalak gaur arratsaldean aurkeztu du Berdintasuneko II. Planaren diseinua, Kultura Aretoan egindako jendaurreko ekitaldian. Bertan, Elhuyar Aholkularitzako Naiara Arrik 2018ra bitartean diseinatu den bide-orria aurkeztu du, 2011 urtean abiatu zen I. Berdintasun Planaren ebaluazioa aurkeztearekin bat. Elkarrizketa honetan bertan esandakoak laburbildu ditugu.

Lehenengo Berdintasun Planaren ebaluazioa bukatu duzue. Zein da argazkia?
Naiara Arri: Lehenengo planaren ebaluaziotik hainbat ondorio edo ikasgai atera ditugu II. Planaren diseinuan kontuan hartu ditugunak. Besteak beste, berdintasun-politikek orain artekoa baino bultzada politiko sendoagoa beharko dutela;  Plana garatzeko beharrezkoak direla hainbat baliabide jartzea; ezinbestekoa dela udal-teknikariek parte-hartze zuzena; edo-eta, herritarrei egiten den lanaren berri ematea eta berdintasunaren aldeko ekimenetan parte hartzeko aukera ematea. 

Berdintasunari dagokionez, zein da Lezok lau urte hauetan izan duen bilakaera?
N.A.: Aurreko Berdintasun Planak ez du garapen handirik izan, ez da lanketa berezirik egin. Berdintasunaren aldeko ekintzak eta ekimenak egin dira, noski, baina modu solte eta puntualean eta ez modu planifikatuan. Hor badago zer hobetua.

Bestalde, 2012ko maitatzean, Oarsoaldeko Berdintasun Batzordea osatu zen eta bertako kide da Lezoko Udala. Berdintasunaren aldeko hainbat ekintza eskualde-mailan egin dira orduz geroztik eta dinamika horri eustea garrantzitsua da.

Bilakaera horretan, zerbait berezia dago azpimarratzeko modukoa?
N.A.: Hastapenetan gaudela nabarmenduko nuke, beraz, hobetzeko marjina handia dago. Dena den, badira ekimen interesgarriak eta tartean dago eskualde mailako dinamika. Lezon ekimen horri heltzeko grina piztu da.

Berdintasunaren esparruan, Gipuzkoako edo Euskal Herriko beste udalerriekin alderatuz, nola dago Lezo?
N.A.: Euskal Herrian eta Gipuzkoan ibilbide luzea egindako udalerriak daude, berdintasunaren aldeko politika publikoen eremuan erreferente direnak. Lezo, berriz, hastapenean dago. Udalaren eremutik haratago, herri-mailan ere, kosta egin zaigu prozesura jendea erakartzea, eta hor ere badago zer landua. Dena den, eragile batzuen ekarpena ezinbestekoa izan da II. Plana diseinatzeko. Udal-teknikarien inplikazio-maila adibidez oso  handia izan da. Eragile horien laguntzaz hasi beharko dugu bidea lantzen eta herritarren artean zabaltzen. 

Lehenengo Berdintasun Planaren ebaluazioa egiteaz gain, II. Planaren diseinua egin duzue. Zein da 2018ra arte jarraitu beharreko bide-orria?
N.A.: Hurrengo lau urteetan bereziki Udala berdintasun politikak egiteko prestatzeari eman nahi zaio garrantzia: udal-barneko antolaketan eta dinamikan eragin nahi da. Horretarako, beharrezkoa da Udalak proiektuaren gidaritza eramango duen berdintasun teknikari bat edukitzea. Baita gainerako alorrek ere genero-ikuspegiarekin lan egin dezaten baliabideak jarri eta gaitasunak garatzea ere.

Asmoa da udal barruko lanketa horrekin egiten diren politika guztietan eragitea, baina berariaz, herri-mailan sentsibilizazioa lantzea ere aurreikusten da eta sentsibilizazio- kanpainei eman zaie garrantzia,  adin guztietako herritarren artean berdintasun ezaren eta berdintasunaren beharraren kontzientzian eragiteko.

Zein dira helburu nagusiak?
Planak finean 5 helburu dituela esan dezakegu. Lehena, udal-politika eta ekintza guztietan genero-ikuspegia txertatzea. Bigarrena, sexuaren araberako genero-estereotipoak eta –rolak gainditzea, emakume edo gizon jaio garelako egotzi zaizkigun roletatik askatzea eta muga horiek gainditzeko ekimenak sustatzea. Hirugarrena, emakumezkoen boteretze-prozesuak sustatzea. Laugarrena, kontziliazio erantzukidea zein zaintzaren etika bultzatzea. Eta bosgarrena, genero indarkeriarekiko ezagutza eta sentsibilizazioa handitzea eta indarkeria-egoera bizi duten emakumeen arreta hobetzea.

Eta helburu horiek lortzeko, zer egin behar dute lezoarrek?
Herritarrek egin dezaketena asko da, bai eremu pertsonalean, bai eremu publikoan ere. Eremu pertsonalean, gure esku dago ahalik eta ingurune berdinzaleenean bizitzeko ahalegina egitea, berdintasunaren aldeko gure jarrera propioak landuz eta gure inguruan sustatuz. Eremu publikoan ere: udalak egiten duen lanarekiko jarrera kritiko eraikitzailea izatetik, proposamenak egitera edo Udalak berak egiten dituen deialdietan parte hartzera.     

Instituzioari zer eskatu behar zaio?
Instituzioari berdintasunarekiko konpromisoa eta konpromiso hori hezur-mamitzeko baliabideak eskatu behar zaizkio. Aurten egindako prozesu hau konpromiso baten isla da eta bide beretik jarraitu beharko luke berdintasunean aurrera egiteko.

Ekintza zehatzik aurreratzeko moduan zaude?
Esan bezala, Udala bera berdintasun-politikak egiteko prestatzea da lehentasuna. Baina horrez gain, lehentasunezko eremu gisa identifikatu dira indarkeria sexistari aurre Udalaren prebentzio- eta arreta-protokoloa diseinatu eta martxan jartzea eta haur eta gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko programa martxan jartzea aurreikusi da bestelako sentsibilizazio ekintzen artean.