Airearen kalitatea Lezoko web orrian

Al, 2011-08-01 13:40

Ingurumena atalaren barruan, Airearen Kalitatea atala berritu du Udalak.

Alde batetik araudi berriari buruzko erreferentziak sartu dira, eta bestetik 2011ko lehenengo sei hilabeteetako datuak jaso dira.

Airearen kalitateari buruzko araudi berria

Araudi berriari dagokionean, urte hasieran argitaratutako 102/2011 Errege Dekretua kontsultatu daiteke, link baten bidez. Araudi berri horrek Europako 2008/50/CE Zuzentaraua jasotzen du, airearen kalitateari eta Europan atmosfera garbiago bati buruzkoa, eta Estatuko 34/2007 legea garatzen du.

Errege Dekretu berriak kutsatzaile mota guztiak barneratzen ditu (PM10, NO2, NOx, CO, Pb, C6H6, O3, As, Cd, Ni, Hg, HAP, PM2.5, NH3), gai horri buruz ordura arte zegoen araudia sinplifikatuz eta aurreko Errege Dekretuak indargabetuz. Horretaz gain, bereziki azpimarratzen du informazioak duen garrantzia, eta herritarrak informatuak egon daitezen administrazio publikoen eginbeharrak zehazten ditu.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako www.ingurumena.net web orrialdean kontsulta daitezke erkidego osoaren airearen kalitateari buruzko datuak.

2011ko Lezoko airearen kalitatearen datuak: kutsadurak gora egin du.

Lezori dagokionez, www.lezo.net web orrialdean, Ingurumena atalean, udalerriaren airearen kalitateari buruzko informazioa jaso da. Gainera, Polentzarrene kalean dagoen airearen kalitatea neurtzeko estazioko eguneroko datuak kontsultatu daitezke link baten bidez. Estazio hori Eusko Jaurlaritzako estazio-sarean dago barneratua, eta haiei dagokie bere kudeaketa.

Eguneroko datuetaz gain, datu historikoak ere kontsulta daitezke www.lezo.net web orrialdean. Zehazki, 10 mikrako diametroa baino gutxiago duen material partikulatuaren (PM10) datuei buruzko informazio jaso da, izan ere, hori da Lezon arazo gehien sortzen dituen kutsatzailea.

Orain dela zenbait urte (batez ere, 2002tik 2005era) legez ezarritako mugak gainditu ziren PM10-ri dagokionean, kutsadura maila kezkagarrietara iritsiz. Gaur egun, ordean, egoera nabarmen hobetu da eta muga-balioetatik urrun daude datuak.

Hala eta guztiz ere, 2010. urte arte Lezon kutsadura mailaren joera jaistea bazen ere, 2011ko lehenengo sei hilabeteetan datu txarragoak jaso dira Polentzarreneko estazioan. Horrela, 102/2011 Errege Dekretuaren arabera, urtean gehienez 35 aldiz gainditu daiteke 50 µg/m3-ko eguneko batezbesteko PM10 kontzentrazioa. Bada, 2010ean bakarrik 10 gainditze egin ziren, eta 2011ko lehenengo sei hilabeteetan jadanik 15 dira maila hori gainditu diren egunak. Urteko batezbesteko PM10-aren kontzentrazioa ere igo da; 2010ean 25 µg/m3 izan ziren, eta 2011ean 30etik gertu daude datuak. Muga 40 µg/m3 dira.

Lezon, PM10 iturri nagusiena Pasaiako Portuko zamalanak dira. Zenbait merkantzien karga eta deskarga lanak egiten direnean (batez ere, txatarra eta hauts kantitate handia dutenak), hauts-partikula ugari isurtzen dira atmosferara neurri zuzentzaileak jartzen ez badira. 

Lezoko airearen kutsaduraren datu historikoak

Arloa edo saila