Allerruk urtarriletik aurrera jokatuko du Plazetan

Og, 2013-12-12 09:22

Futbol zelaiko belarra aldatzen, aldagelak berritzen eta harmailetan hobekuntzak egiten ari dira

Plazeta futbol zelaia berritzeko lanak abenduan amaituko dira, horrela jakinarazi dute Udaleko Kirola sailetik. Hain zuzen, belarra aldatzen, aldagelak berritzen eta harmailetan hobekuntzak egiten ari dira joan den hilabetetik.

Lanek, 384.422 euroko aurrekontua dute, eta Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren (190.990 €) eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren (150.000 €) diru-laguntza jaso du. Lezoko Udalak 43.432 euro jarri ditu.

Lezoko Udala pozik agertu da futbol zelaia berritzeko jaso dituen diru-laguntzekin, eta egindako kudeaketa goratu du, “Udalak aurrekontu osoaren % 11 baino ez baitu ordainduko”.

Kortxoko oinarria

Plazeta futbol zelaiak belar artifizial berria izango du urtarriletik aurrera. Goi mailako belar artifiziala jartzen ari dira, oinarrian kortxo organikoa duena. Plazeta futbol zelaian aitzindaria izango da, Euskal Herrian ez baitago oinarri hori duen futbol zelairik –gertuena Frantziako Rouen herrian dago–.

Belarra aldatzearekin batera, kirol ekipamendu berriak –ordezkoen aulkiak, porteriak, banderinak eta abar– jarriko dira futbol zelaian. Argiteria ere berritu egin da.

Obra zibilari dagokionez, aldageletako dutxa sistema hobetu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eskakizunetara egokituz; harmailetako fatxada babestu egin da, itoginen eta hezetasunaren arazoa konpontzeko; eta harmailetan eserleku gehiago jarri dira eta estaldura handitu egin da.

Hobekuntza

FildTurf Poligras enpresa ari da obrak egiten. Lanak esleitzeko prozeduran, enpresak hobekuntza bezala igerilekuko ura berotzeko makina doan jartzea eskaini zuen. Igerilekuko ura, legez, egunero aldatu behar da. Makina honek ura tenperatura egokian berotzen du, eta gaur egungo sistemarekin alderatuz, kontsumoa zein kutsadura murrizten ditu.

Makinak 30.500 € balio ditu –gastu hori ez dago futbol zelaiko lanen aurrekontuan sartuta–, eta Udalak soilik makinaren instalazioko gastuaren erdia (3.500 euro) hartu du bere gain. Diru hori Plazetako lanak egiteko Udalak jarri dituen 43.432 euro horien barne dago.   

Arloa edo saila