Oarsoaldeko Udalek OTXE babestuko dute

Og, 2015-02-05 07:41

Azpiegitura eta maila ekonomikoan laguntza emateaz gain, proiektuarekin bat egiteko konpromisoa adierazi dute

Eskualdeko herrietako Migel Mari Torrea (Pasaia), Oihan Tello (Oiartzun) eta Unai Unsuain (Errenteria) zinegotziek -Mikel Arrutik Lezoko zinegotziak ezin izan du joan- prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdian Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolaren (OTXE) Alabergako egoitzan. Agerraldiarekin, sortu berri den Txirrindularitza Eskola babesteko konpromisoa publiko egin dute. Agerraldian OTXEko Arkaitz Iza egon da ere.

Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola joan den hilabetean aurkeztu zen, bizikletaren erabilera zein zaletasuna hainbat modalitateetan indartzeko asmoz. Bizikletaren inguruko teknika, mekanika eta txirrindularitza modalitate ezberdinak azaltzea du xede 12-16 urte arteko neska-mutilei bideratuta. Dagoeneko sortu da lehen taldea, eta datorren astelehenean, hilak 9, jarriko da martxan 8 partaiderekin. Talde honen saioak astelehen eta asteazkenetan izango dira 18:00tik 20:00ra.

Izena emateko aukera maiatzera arte dago zabalik; nahikoa da Alabergako egoitzara hurbiltzea edo Otxeren webgunera sartzea.

Oarsoaldeko lau udalek eskualdeko kirolariek bultzatutako eskualdeko herritarrei zuzenduriko egitasmoa babestuko dutela iragarri dute, ekonomikoki eta azpiegitura mailan (bi areto utzi dizkiete euren jarduna aurrera eramateko: Errenteriakoa (Alaberga 4) eta Oiartzungoa). Horrez gain, lau udalek egitasmoa gizarteratzeko eskura dauzkaten euskarriak baliatuko dituzte.

Apustua sendoa da “ohitura osasuntsuak eta ingurumenarekiko jasangarriak direnak babestu behar ditugulako, eta OTXEk ezaugarri horiek bete-betean betetzen ditu. Gainera, eskualde izaera nabaria duen proiektua izanik, gure babes osoa izango du”.

Euskal Herrian aitzindari eta berritzaile den egitasmo pilotu honi Foru Aldundiak eskainitako babesa aipatu dute ere zinegotziek.
 

Arloa edo saila