Udarako kirol eskaintza oparoa

Ar, 2015-05-05 12:07

Eskualdeko Kirol Mahaiak 35 jarduera prestatu ditu haur eta helduentzat eta izen-ematea zabalik dago

Eskualdeko Kirol Mahaiak udan Oarsoalderako prestatu duten kirol eskaintza aurkeztu du. Izen-emateko epea maiatzaren 4an zabaldu da. UDA kanpainako eskaintza eskuorri bakarrean jasoko da berriro ere. Herri bakoitzak dituen berezitasunak eta tradizioak errespetatuz osatu da aurtengoa ere, homogeneotasuna mantendu da jarduerei eta prezioei dagokionez. 

Guztira, 35 jarduera izango dira eta aurreko urtean bezala helduentzako jarduerak ere prestatu dira. Honenbestez, 16 urtetik gorakoek igeriketa, aretoko jarduerak, padela, irristaketa familian, bela edota urpekaritza egiteko auekera izango dute.

Aurten jarduera berriak gehitu dira: Pasaiako badiak aukera asko ematen ditu eta orain arteko jardueraz aparte (piraguismoa eta arrauna), bela, arrantza eta urpekaritzako jarduerak gehitu dira. Bestelako berrikuntzen artean, “zirkoa parkean” nabarmentzen da. Azken jarduera honek eskualdeko hainbat gune irekietan malabareak eta bestelako oreka-jarduerak eskaintzen dituen aukerak denen eskura jarri nahi ditu.

2015ko udarako eskaintza hau da:

  • Lezon: esgrima, txikientzako rolerra, nagusientzako rolerra, topkirola, igeriketa, zirko tailerra, gimnasia erritmiko kanpusa, Ura (osasun/ongizatea), igeri klinik, total inmersion, aquafit eta aqualatino helduentzako igeriketa jarduerak antolatzen dituzte.
  • Errenterian: igeriketa, kirol udalekuak, kirol kampusak, dantza eskola (zumba kids), irristaketa, tenisa, padela eta askotariko kirolak.
  • Pasaian: tenisa, askotariko kirolak, lerroko patinajea, pilota, arrantza, zirkoa parkean eta urpeko bataoia.
  • Oiartzun: igeriketa, padelaren hastapenak, spinninga, aerobika, kirol udalekuak, aisibentura, zirkoa parkean eta lerro patinajea (familian edo helduak).

Bestalde, Uda 2015 kanpainak Eskola Kirola partiduetara bizikletaz joatea animatzen du. Hain zuzen ere, guraso, begirale eta haurrak eskualdean jokatzen diren Eskola kiroleko partiduetara bizikletaz joateko eta autoa ez erabiltzeko ekimena da. Gainera, FGAko Mugikortasun Sailak oparitxo batzuk emango dizkie denboraldi hontean bizikletaz joaten diren haurrei. 

Arloa edo saila