Eh, Petrel! antzezlana Gezalan

Az, 2016-06-01 10:22

Astrolabium Teatroa konpainiaren obra igandean 20.00etatik aurrera ikusi ahal izango da

Astrolabium Teatroa konpainiaren Eh Petrel! emanaldia, datorren igandean, ekainaren 5ean, egongo da ikusgai Lezon, arratsaldeko 20.00etan Gezala auditorioan. Sarrerak Kulturan eta Lezoko Udaleko webgunean eskuratu daitezke, 8 euroan. Irudikapena euskaraz izango da.

Eh Petrel!
Astrolabium Teatroa konpainiaren antzezlana Julio Villar donostiarraren “¡Eh, petrel! Cuaderno de un navegante solidario” liburuaren antzerkirako egokitzapena da. Villar puntako alpinista zen eta mendian istripu larri bat jasan eta gero, belaontzi txiki bat hartu eta munduari bira eman zion lau urte eta erdiz.

Irudikapenak gaur egungo Villar erakusten du. Horrela, protagonista elkarrizketan arituko da lagun batekin eta musikari batekin, eta, solasaldi horretatik, Villar abentura hartan abiatzera bultzatu zuten arrazoiak azaleratuko dira. Elkarrizketak aurrera egin ahala, Villar mendizale, nabigatzailea eta abenturazalea ezagutzeko parada izango da eta, batez ere, poeta eta ameslaria.

Antzezlanak gaur egungo gizarteaz pentsatzera eta mundu honetan egoteko beste modu batekin amestera eramango du ikuslea.

 

Fitxa teknikoa

Egilea: Julio Villar
Moldaketa eta zuzendaritza: Mikel Sarriegi
Jatorrizko musika: Iñaki Dieguez
Aktoreak: Mikel Sarriegi (Julio Villar), Álvaro Garayalde (laguna) eta Iñaki Diéguez (musikaria)
Zuzendari laguntzailea: Asier Oruesagasti
Ikuskizunaren zuzendaritzari laguntza: Hernán Gené
Eszenografia: Carlos Arruti eta Anabel Varona (Maushaus)
Jantziak: Ane Urtizberea
Euskarazko itzulpena: Itziar Otegi
Diseinu grafikoa: Pieza komunikazioa

Arloa edo saila