Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuak

Al, 2014-04-28 11:15

Lezoarrek maiatzaren 18ra arte proposamenak egiteko aukera izango dute Internet bidez, herrian zehar banatu diren postontzietan edo maiatzaren 10ean egingo den partaidetza tailerrean

Gipuzkoako Foru Aldundia partaidetza prozesu bat ari da egiten herritarrek erabaki dezaten diru publikoa zertan inbertitu. Partaidetzazko aurrekontuak dira. Ekimenak herritarrak gonbidatzen ditu proposamenak egitera eta baliabide ekonomikoak bideratzerakoan erabakiak hartzera. Lezoarrek, Oarsoaldeko gainontzeko herritarrekin batera, eskualderako 500.000 euro non inbertitu erabaki beharko dute.

Partaidetzazko aurrekontuak lau fasetan garatuko dira. Lehenengo fasea  proposamenak egiteko izango da. Herritarrek esku-orriak jasoko dituzte etxeko postontzietan –Internet bidez eskura ditzakete lotura honetan–, eta eskualderako onuragarriak diren egitasmoak proposatzeko aukera izango dute herrian zehar jarritako postontzietan –Udaletxean, Osasun Zentroan, Liburutegian, Ikastolan, Kiroldegian, Eskolan eta Altamira Auzo Elkartean jarri  dituzte–.

Proposamenak aurkezteko beste aukera batmaiatzaren 10ean izango dute, partaidetza tailerrean. Goizeko 11:00etan egingo da Musika Eskolan. –lezoarrek eskualdeko beste herrietan egiten diren bileretan parte hartzeko aukera izango dute. Lotura honetan partaidetza tailerren egutegia–.

Ekarpenak egiterakoan, hiru irizpide hauek hartu behar dituzte kontuan –proposamenak maiatzaren 18ra arte egin daitezke–:

  • Eskualde osorako mesedegarria izatea.
  • Foru Aldundiaren eskumenekoa izatea.
  • Ahalik eta zehatzenak izatea.

Bigarren fasean proposamenak lehenetsiko dira. Jasotako ekarpenen zerrenda herrietan egingo diren partaidetza tailerretan eztabaidatuko dira. Horretarako, eskualde mailako zenbait bilera egingo dira. Lehendabizikoa ekainaren 10ean egingo da, eta herrietan jasotako proposamenak aztertu eta lehenetsiko dira.

Ekainetik irailera bitartera, hirugarren fasean, Foru Aldundiko teknikariek lehenetsitako proposamenak aztertuko dituzte, ekonomikoki, teknikoki eta juridikoki bideragarriak diren ala ez aztertzeko. Emaitza horiek batzar ireki batean aurkeztuko dira.

Azken fasea urria eta azaroa bitartean garatuko da. Teknikoen oniritzia jaso duten egitasmoak eskualde bakoitzeko batzar irekietan eztabaidatuko dira, eta parte hartzen ari diren herritarrek onartuko dute Foru Aldundiko 2015eko aurrekontuetan txertatuko diren egitasmoen zerrenda. Proposamenak aurrekontuetan txertatu eta Batzar Nagusietan aurkeztuko zaizkie gainontzeko talde politikoei.

Partaidetzazko aurrekontuak jarraitzeko, edo-eta informazioa jasotzeko, Foru Aldundiak webgunea zabaldu du.

Arloa edo saila