Parte-hartze prozesua San Pedro Pysbeko ekipamenduak hobetzeko

Al, 2014-11-10 12:04

50.000 euroko inbertsioa aurreikusi da eta udal ordezkariak larunbatean, hilak 15, bilduko dira auzotarrekin

Ainhoa Zabalo alkatea San Pedro Pysbeko parte-hartze prozesua aurkeztu du gaur goizean, Udalak 2014an bideratzen duen antzeko bigarrena. Parte-hartze prozesuaren xedea, aurrekoa bezala, zein ekipamendu hobetu behar den erabakitzea izango da. Horretarako, bi bilera egingo dira bertako bizilagunekin: lehena, datorren larunbatean. Eta bigarrena, azaroaren 29an.

Lezoko Udalak 50.000 euroko inbertsioa aurreikusi du San Pedro Pysbe auzoko ekipamenduak hobetzeko. Horretarako, baina, aurrez parte-hartzeko prozesua egingo du, auzoko bizilagunek zein ekipamendu zaharberritu behar diren erabaki dezaten. Horrela eman du jakitera gaur goizean Ainhoa Zabalo alkateak. Modu horretan, Udalak lezoarrekin hartutako konpromisoa berresten du, herritarrei hitza eta erabakitzeko ahalmena emanez.

2014an egingo den mota honetako bigarren parte-hartze prozesua izango da. Lehena, Altamira auzoan egin zen. Bigarrena, San Pedro Pysben egingo da. Eta alkateak aurreratu duenez, “2015eko lehenengo lau hilekoan hirugarrena egingo dugu Gaintxurizketan”.

Metodologiari dagokionez, Altamirakoa errepikatuko da. Auzotarrekin bi bilera egingo dira: lehenengoa larunbatean, hilak 15, 11:00etan Musika Eskolan. Bertan, Udalak auzoko ekipamenduak hobetzeko bere proposamena aurkeztuko du –bizilagunek egindako eskaerak aintzat hartuta osatu da–. Besteak beste, atzeko bidea garbitzea eta koxkak kentzea; turria konpontzea, ura isurtzen da eta neguan izoztean arazoak egoten dira; plazako zuloak ixtea, zuhaitzek apurtu dute zorua; metalezko barandak margotzea; eskailerak konpontzea; asfaltoa konpontzea, eta abar.

Eta proposamena baino ez dela argitu du alkateak. “Litekeena da auzotarrek beste proposamenen bat egitea, edo bat baino gehiago. Guztiak hartuko ditugu aintzat, eta guztien bideragarritasun plana aztertuko da. Ondoren, bigarren bilera batean, galdeketa bat egingo dugu, aurkeztu diren egitasmo guztien artean auzotarrek erabaki dezaten zein proiektu gauzatu”.  Bigarren bilera hori azaroaren 29an izango da.

Larunbateko bileraren, lau bloketan banatuko da: sarrera, Udalak egindako proposamenaren aurkezpena, auzotarren ekarpenak jasotzeko tartea eta balorazioa. Udalak, bere aldetik, auzotarrek egingo dituzten ekarpenen guztien bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du, “hamabost eguneko epean”, argitu du Ainhoa Zabalo alkateak. Bigarren bilera batean, aurkeztutako proposamen guztien artean galdeketa egingo da, 50.000 euroak non inbertitu erabakitzeko. Bigarren bilera hori azaroaren 29an izango da, goizeko 11:00etan Musika Eskolan.

Parte hartzeko deialdia
Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Ainhoa Zabalo alkatea San Pedro Pysbeko auzotarrengana zuzendu da. “Larunbatean zabalduko dugun prozesuan parte-hartzera animatzen zaituztet, parte aktibo izatera. Zuen iritziak, iradokizunak edo-eta ekarpenak entzun nahi ditugu, azken finean, zuek ezagutzen duzuelako inork baino hobeto auzoa, eta bertan dituzuen beharrak. Gure aldetik, proiektu guztien bideragarritasun plana aztertzera konprometitzen gara. Eta bideragarriak diren proiektuekin galdeketa egitera”.
 

Arloa edo saila