60.000 € San Pedro Pysbe auzoko ekipamendua hobetzeko

Og, 2014-12-04 09:01

Bi proposamenen artean bizilagunek Udalak aurkeztutako proposamena hobetsi dute

San Pedro Pysbeko bizilagunek aurreko larunbatean, azaroaren 29an, auzo ekipamendua hobetzeko Udalak aurkeztutako proposamena hobetsi zuten –lehenengo bileran eurek egindako ekarpenekin osatu da azken txostena–. Horrela erabaki zuten bileran parte hartu zuten 25 bat bizilagunek.

Mahai gainean bi proposamen zeuden: Udalarena, auzotarren ekarpenekin osatua; eta bizilagun batek bi auzoak elkartu eta irisgarritasun neurriak hobetze aldera aurkeztu zuena. Udal teknikariek bigarren aukera horren bideragarritasuna aztertu zuten eta aurreikusitako inbertsioa gainditu arren, prest agertu ziren formulak bilatu eta gauzatzeko, beti ere bizilagunek lehenesten baldin bazuten. Baina ez zen halakorik gertatu.

Datorren urtean
Udalaren proposamenean lan hauek jasotzen dira: atzeko bidea garbitzea eta koxkak kentzea; iturria konpontzea, ura isurtzen da eta neguan ur hori izoztean arazoak egoten dira; plazako zuloak ixtea, zuhaitzek apurtu dute zorua; metalezko barandak margotzea; eskailerak konpontzea eta asfaltoa konpontzea. 

Lan horiei, bizilagunek proposatutako beste hauek gehitu behar zaizkio: argiteria hobetzea, zenbait etxeetan enbarazu egiten duten zuhaitzak kentzea, errepidean margo-lanak egitea autoek ez aparkatzeko eta zenbait irisgarritasun puntu hobetzea.

Udal ordezkariek aurreratu dutenez, lan horiek gauzatzeko 60.000 euroko inbertsioa egingo dute, hasiera batean aurreikusitakoa baino 10.000 gehiago. Lanak exekutatzen 2015 urtean hasiko dira.
 

Arloa edo saila