Lezoko Udalak .eus domeinua aktibatu du

Az, 2015-04-22 09:16

Aldaketaren xedea da euskara eta euskal kultura sustatzea

Lezoko Udala .eus domeinura pasa da, eta joan den hiletik webguneko eta posta elektronikoko helbide guztiak berritu dira. PuntuEUS domeinua euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Domeinuak helburu bikoitza du: batetik, euskara eta euskal kultura sustatzea; eta bestetik, euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea.

Ainhoa Zabalo Lezoko alkatearen hitzetan, Lezoko Udalak bat egiten du domeinu berria sustatu duen PuntuEus elkartearekin. “Domeinua tresna bat da euskara beste hizkuntzen maila berean kokatzen lagunduko duena, eta bide batez, euskararen normalizazioan eragingo duena eta euskararen herriari, hau da, gure herriari, nazioarteko aitortza eskainiko diona”.

Honenbestez, Lezoko Udaleko webgune Ofiziala www.lezo.net izatetik www.lezo.eus izatera pasa da, eta udaleko langile guztien posta helbideak .eus domeinura pasa dira. Zenbaiten kasuan, gainera, helbidea aldatu egin da. Aldaketaren harira sor daitezkeen arazoen aurrean, alkateak herritarren ulermena eskatu du. “Ordaindu beharreko patua da. Hala eta guztiz ere, gutxi batzuk baino eztira izango. Lehenengo hilabeteetan gainera, helbide zaharrera bidalitako mezuak jasoko ditugu eta bueltan jakinarazpen mezua bidaliko da helbide aldaketa izan dela adieraziz”.

Hori adierazi ondoren, Ainhoa Zabalok herriko elkarte guztiak animatu ditu .eus domeinua hartzera, “Interneten gure komunitatea indartzen joan behar dugulako”.

PuntuEUS Elkartea

2007an .eus domeinuaren proiektuak lehen urratsak eman zituen eta 2008an PuntuEUS elkartea eratu zen, euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea egituratzeko helburuarekin. 2008tik 2012ra zabaltze prozesuan egon da eta 2014ko udaberritik ikusgarria da .eus domeinua Interneten.

Informazio gehiago www.domeinuak.eus helbidean.

Arloa edo saila