2018rako tasa eta zerga guztiak izoztea proposatu du gobernuak

Az, 2017-10-11 13:09

Aurreikusi den aldaketa bakarra kiroldegiko sarrera prezioaren igoera da, tarifen eguneraketa dela eta

Oposizioko taldeei ordenantza fiskalen inguruko proposamena aurkeztu ondoren, udal gobernu taldeak proposamenaren berri eman nahi die, orain, herritar guztiei. Gauzak horrela, datorren urtera begira udal tasa eta zerga guztiak izoztea da udal gobernuaren nahia, gobernuak betidanik helburu izan duelako herritarren gaineko presio fiskala baretzen saiatzea, betiere, gastu eta diru sarreren arteko oreka mantenduz eta bermatuz.

Gastu eta diru sarreren atalak aztertuta, gobernuaren aburuz ez da beharrezkoa udal tasa eta zergak igotzea, beraz, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga (EIOZ), Jarduera Ekonomiaren gaineko Zerga (JEZ) eta Zirkulazio Zerga bere horretan mantenduko dira. Gauza bera gertatuko da uraren eta zaborren tasarekin, udal gobernuaren ordenantza fiskalen gaineko proposamena urriko ezohiko batzordean onartzen bada, noski.

Udal gobernuaren proposamenak aldaketa bakarra jasotzen du, izan ere, tarifen eguneraketa dela eta, kiroldegiko sarrera prezioak igoera izango baitu datorren urtean. Gainerakoak, azaldu modura, berdin mantenduko dira.

Gobernuaren proposamenak ez du zaborren tasari lotutako hobaririk jaso ezarri berri den sistema egonkortuta egotea beharrezkotzat jo delako hobariak ezarri ahal izateko. Edozein kasutan, udal gobernuak aurreratu du hobariak txertatuko dituela herritarrek sistema berria modu egokian erabiltzen badute eta bilketa datu eta emaitzak mantentzea edota hobetzea lortzen bada.


 

Arloa edo saila