“Kuxkuxean” izeneko argazkia, txapeldun

Az, 2023-12-13 15:37

Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketaren txapelduna Ager Arrieta izan da.

140 argazki jaso ditu Lezoko Udalak 2024 urteko egutegia osatzeko. Guztien artean, Ager Arrietaren “Kuxkuxeroak” izeneko argazkia izan da irabazlea. Saria Mikel Arruti alkateak eman dio, udaletxeko arkupetan.

“Inoiz baino argazki gehiago jaso ditugu eta kalitate handikoak. Herriko momentu edo toki kuttun ugari bidali dizkigute lezoarrek aurten: Gau Beltza, Santakrutzak, Inauteriak, Trapujale, Zabarre, egunsentiak, Mendekosteak, herriko plazak, natura… Txapeldunaren argazkia egutegiko portadan izango dugu eta lezoar gazteen ilusioa bikain irudikatzen duela uste dugu”.

Ez da Ager Arrietak lehiaketa honetan parte hartzen duen lehen aldia, iazko egutegian ere berak ateratako bi argazki hautatu baitziren 12 finalisten artean. Pozik jaso du saria, argazkia atera zuen toki berean: “kasualitatez atera nuen argazkia. Iazko Olentzero eta Mari Domingiren etorreran Murixkaren dantza emanaldia ikusten ari ginen musikarien atzean. Bertan zeuden haurrak, txikiak izanik, ezin ikusi zebiltzan. Orduan, ideia paregabea izan zuten, lurrean etzan eta hanka artean ikuspegi bikaina lortu zuten. Beraiek ikuspegi ona eta nik irudi polita! Saria eman didan irudia”.

200 euroko sariarekin zer egingo duen galdetu diogu eta argi dauka txapeldunak: “Normalean herrian bertan kontsumitzen saiatzen gara eta noski saria gustura gastatuko dugu herriko komertzioetan”.

Egutegia udaleko webgunean ikus daiteke gaurtik aurrera. Egutegi handiak eta txikiak udaletxean eta Kultura departamenduan banatzen hasiko dira abenduaren 18tik aurrera. Ez galdu Lezoko irudi kuttunenak zure alboan izateko aukera, etxean edo lanean, esaterako.

Arloa edo saila
Eranskinak