Lezo-Donibane arteko bidegorriko lehen zatia egiteko hitzarmena onartuta

Or, 2017-03-31 12:23

Atzoko osoko bilkuran onartuak izan ziren, baita ere, Udal Musika Eskolako 2017/2018 ikasturteko tasa eta hobariak. Zenbait mozioek ere aurrera egin zuten, horien artean Gardentasun Atariari loturikoak eta jada martxan da aipatu atal berria udal webgunean.

Atzoko oso bilkuran Lezo-Donibane arteko oinezkoentzako ibilbidearen lehen zatia egiteko eta finantzatzeko Lezoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu beharreko lankidetza hitzarmena onartu zen gehiengoz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren baitan dago kokatua Lezo-Donibane arteko ibilbidearen eraikuntza proiektua. Lanak 3 fasetan gauzatuko dira eta atzoko osoko bilkuran onartu zen lankidetza hitzarmenak 3. zatia egiteko eta finantzatzeko baldintzak zehazten ditu.

Lezoko Udalak interes handia azaldu du 3.zatia Lezoko erdiguneraino egitearekin, izan ere, bertara jende asko joaten da eta, egun, errepidea ez den beste biderik ez dago bertara joateko. Obra horiek, neurri handi batean, Lezoko eta inguruko herrietako biztanleen bizi kalitate eta ongizatea hobetuko dute.  Gauzak horrela, datozen egunetan Lezoko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean sinatuko duten lankidetza hitzarmenak bidegorriaren lehen zatia aurten eraikitzea ahalbidetuko du. Hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak obren kostuaren %85a hartuko du bere gain eta gainerako %15a Udalak ordainduko du. Lizitazio aurrekontua, gehienez ere, 365.000 eurokoa izango da.

Era berean, atzoko saioan onartuak izan ziren Udal Musika Eskolako 2017/2018 ikasturteko tasa eta hobariak. Tasek ez dute igoerarik izango eta hobariak jarraian azaldutako herritarrek jaso ahal izango dituzte:

- DNL laguntzak jasotzen dituztenek (%75)

- Familia ugariko kideek (kide bakoitzak %25eko hobaria jaso ahal izango du)

- Tresnako ikasle ofizialek (%10) eta ikastaro osagarrietan matrikulatutakoek (%5).

Azkenik, udalean ordezkatuak dauden talde politiko ezberdinek aurkeztutako mozioek ere aurrera egin zuten atzokoan, horien artean EAJ-PNVk aurkeztutako “Emakumeen Nazioarteko  Eguneko adierazpen eredua”ren eta PSE-EEk aurkeztutako Gardentasun Atariaren inguruko mozioek. Dagoeneko martxan da udal webgunean Gardentasun Atari berria, udal jarduna herritarrei gerturatzeko helburuarekin. “Udal kudeaketan gardentasunaren kultura sustatzeko kompromisoa dugu” adierazi zuten udal gobernuko ordezkariek. Beraz, aurrerantzean lezoarrek, besteak beste, informazio ekonomiko-finantzarioa kontsultatu ahal izango dute aipatu Gardentasun Atarian.

Arloa edo saila