Lezoko Udalak Lezora etorri berri diren pertsonentzako Harrera Protokoloa eta Plana (2026-2029) osatzeko lanketa amaitu du. Dokumentua datozen egunetan aurkeztuko eta argitaratuko du.
Azken hilabeteetan Lezoko Udalak herrira etortzen diren pertsonentzat harrera plan eta protokoloa landu du, Aztiker ikergunearen laguntzarekin. Prozesuaren oinarria gaur egun Lezon etorri berriei egiten diegun harrera ulertzea izan da eta etorkizunen harrera lanean ariko diren eragile guztien artean oinarri eta irizpide partekatuak ezartzeko helburua izan du.
Harrera Plana herriko harrera ereduaren inguruan egindako hausnarketa prozesu baten emaitza izan da, ikuspegi integral eta komunitarioa duena. Aurretik ere hainbat lanketa izan dira Lezon, bereziki hezkuntza komunitatearen baitan. Hain zuzen ere, Hezkuntza Foroan azaleratu zuten eragileek gaia herri mailan modu koordinatuan lantzeko beharra.
Abiapuntu horrekin, Lezoko Udalak Harrera Plana eta Harrera Protokoloaren lanketa egin du azken hilabeteetan herriko eragile eta erakunde ezberdinekin. Izan ere, prozesu guztian zehar udal sailek, hezkuntza komunitateak eta herriko hainbat gizarte eragilek hartu dute parte.
Planak helburu garbia du: Lezon diharduten eragile instituzional eta sozialen esku-hartzea ordenatzea, herrira datozen pertsona iritsi berriei harrera integrala, gizatiarra, duina eta enpatikoa egiteko. Horretarako, diagnosia egin eta datozen urteetarako lan-ildo eta ekintza nagusiak zehaztu dituzte prozesuan parte hartu duten erakunde eta eragileek.
Lanketa amaitu dute eta Harrera Plana datozen egunetan aurkeztuko du Lezoko Udalak. Aurkezpenaren ostean Lezoko Harrera Plana eta Harrera Protokoloa (2026-2029) udalaren webgunean argitaratuko du, herritar guztiek eskuragarri izan dezaten.