Ohiko osoko bilkura egin zuen atzo Lezoko Udalak

Or, 2020-09-25 14:28

Aztergaien artean, besteak beste, Lezoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren HAE 31 Sagastiren 2. aldaketa puntualari behin-behineko onarpena eman zitzaion.

Mozioen atalean, EH Bilduk Covid-19 larrialdiaren inguruan eta bereziki Tiñeluko kasuaren inguruan Udalaren kudeaketaren harira aurkeztutako mozioa eta Moria errefuxiatu guneko suteen harira aurkeztutakoa eztabaidatu ziren.

Atzo arratsaldean bi hilez behin ospatzen duen ohiko osoko bilkura egin zuen Lezoko Udalak eta orain arteko ohiturei jarraiki, iraileko osokoa ere Gezalako Auditoriumean egin zen udalbatzako kideen artean segurtasun distantzia bermatzeko.

Eguneko aztergaien artean, hainbat diktamen onartu ziren eta horrekin batera, behin betiko onartuak gelditu ziren Hirigintza Antolakuntzarako HIE 28 Alcoholera eremuko Plan Berezia edota HIE 15 ALGEPOSA 2ko, “E.3”, E.4” eta “E.5” eraikinen 2º Xehetasun Azterlana. Horrez gain, behin behineko onespena jaso zuen Lezoko Hirigintza Plan Orokorraren AOU 31 Sagastiko 2. aldaketa puntualak. Aipatu hiruak obra partikularrei dagokien izapideak direla argitu du Udalak, hau da, ez dira udal obrak edo Udalak egingo dituen lanak. Behin diktamenekin amaituta, udal kontu.hartzailearen txostenen berri ere eman zen.

Jada mozioen atalean, EH Bilduk aurkeztutako biak izan ziren eztabaidagai. Lehen mozioan, udal taldeak Covid-19 larrialdi egoera oro har kudeatzeko gaitasun falta eta Tiñeluko kasuan intentzio txarrarekin jokatu izana leporatzen zion alkateri. Horrekin batera, mozioan Covid-19ak sortutako krisiaren kudeaketaz arduratuko den sektore batzorde komunitarioa osatzea proposatzen zuen EH Bilduk, alkatea kanpo utzita, baita bere jokabidearen nondik-norakoak azaltzea ere.

Mozioa ez zen onartua izan EAJ-PNV eta PSE-EEren udal gobernuaren aurkako botoekin, eta horren harira, alkateak, herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko uneoro intentzio onarekin jokatu zuela adierazi zuen.

Bigarren mozioak, halaber, Moria errefuxiatuen gunean gertatutako suteak izan zituen hizpide. Horren baitan, Lezoko Udalak, besteak beste, errefuxiatuak hartzeko prestasuna azaltzea eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera plana osatzeko konpromisoa hartzea ere jasotzen zen.

Aipatu mozioa aho batez onartu zen eta bertan jasotako konpromisoei udal gobernuak errefuxiatu gunera donazio bat egitekoa gehitu zion.

Arloa edo saila