Altamirako biribilguneko lanak hastera doaz

Ar, 2016-12-27 17:33

Errepidearen gainean, seguruagoa eta irisgarriagoa izango den oinezko eta txirrindularientzako pasabide bat egingo da. Lanek 306.655 euroko kostua izango dute eta %85 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du, Udalak %15 hartuko duelarik bere gain.

Lezoko Udalak, Altamiran oinezko eta txirrindularientzako paseo berri bat egiteko proiektua sustatu du, Lezo eta Errenteria lotzen dituen ibilbidean dauden arazoak konpondu eta erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea helburu hartuta.
Ekimen honen helburua, lezoarren eta bereziki Altamirako bizilagunen behar eta eskaerei erantzutea da. Lanak bi fasetan banatuko dira: lehenengoan, egungo espaloia moldatu eta zabalduko da, oztopo arkitektonikoak baztertzeko, eta bigarrenean, gune berdean arrapala berri bat egitea aurreikusita dago. Lurrazpiko pasabidetik Altamirako auzoko zebra bidera doan eskailera luzatzea beharrezkoa izango da, egungo lurraren maila egungoa baino metro bat gorago geratuko da eta. Lan honek zuhaiztian eragingo duenez, beharrezkoa izango den lurren mugimendua burutu ondoren, lur begetala jarri eta belarra eta zuhaitzak landatuko dira. Azkenik, argiteria ere hobetuko da.
Lanen %85 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du eta Udalak %15 hartuko du bere gain. Guztira 306.655 euroko kostua izango du. Lezoko Udalak dagoeneko esleitu dizkio Construcciones Otegui Gaztañaga SL enpresari Altamirako Biribilguneko Oinezkoen Ibilbidearen Berrikuntza obrak. Lanak laster hasiko dira eta enpresak hilabete eta erdiko epea du hauek amaitzeko.

Altamirako auzoan igogailu berria eta oinezkoen pasabidea

Lezoko Udalak esleitu ditu dagoeneko baita ere Altamira auzoan pertsonen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko helburuarekin egingo diren igogailu berria eta oinezkoen pasabidea egiteko exekuzio proiektua eta obra zuzendaritza.
Hau izango da, Udalak iragarri bezala, Lezon egingo diren igogailuetan lehena. Igogailu hau, zehazki, polikiroldegiaren alboan kokatuko da eta pasabide baten bidez, Altamira auzoa eta igerilekuarekin lotuko du.

Arloa edo saila