BERDINTASUN KONTSEILUA SORTZEKO PROZESUA ABIATZEAR

Ar, 2024-10-08 08:55

Ekimenaren helburua, berdintasunaren alde apostu egiten duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sortzeaz gain, emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustzea da. Zertarako? Horien parte-hartze sozial eta politikoaren defizitari aurre egin, euren herritartasun aktiboa indartu eta talde feministen eta emakume taldeen lanaren aitortza egiteko. 

Berdintasunaren inguruan gogoeta egin eta elkarlanerako eta adostasunak bilatzeko espazioa izan nahi du kontseiluak, oro har udal politiketan eta bereziki berdintasun politiketan eragiteko, izan ere, parte-hartzea izan ohi da berdintasun politiken, politika feministen ardatzetako bat. 

Parte-hartze eta elkarrizketa-organu horren nondik norakoak zehazteko lehen bilera urriaren 23an izango da, 18:00etan, Kultura aretoan.

Urrutiegi joan gabe, iaz onartutako  Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen printzipioetako bat da. “EAEko botere publikoek, politika publikoak garatzerakoan, talde feministen eta emakume taldeen, eragile sozialen eta, oro har, herritar guztien partaidetza eta elkarrizketa bultzatu behar dute; hala, beste partaidetza-eredu bat erraztuko da, demokratikoagoa, taldeen ekarpenei legezkotasun handiagoa emango diena eta haien ekarpenek benetako eragina izatea erraztuko duena. Horretarako, parte hartzeko gune eta bitarteko egokiak sortuko edo egokituko dira, irisgarritasun unibertsala bermatuko dutenak.” 

EAEko VII. Berdintasun planak ere ezinbestekotzak jotzen ditu halako interlokuzio organoak planaren kudeaketarako, eta Lezoko III. Berdintasun planean ere Berdintasun kontseilua sortzea aurreikusita dago, horren garapena bermatzeko eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko, besteak beste.  Gainera,  Mugimendu Feministak zenbait aldiz egindako eskaera da.

Gauzak horrela, Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesua abiatzear du Udalak, beste hainbat herritan egindako bideari jarraiki, hala nola, Hernani, Errenteria, Pasaia, Arrasate, Azpeitia, Eibar, Elgoibar, Oñati, Tolosa eta Zarautz. 

Arloa edo saila