BERDINTASUN KONTSEILUA SORTZEKO PROZESUA MARTXAN DA

Or, 2024-10-25 10:28

Lehen bilera aste honetan bertan izan da eta hurrengoa 2025eko urtarrilaren 25ean egingo da. Gerturatukoen artean Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun eta Lezoko Emakume taldeko kideak.

Guztira, 17 lagun bildu ziren bileran, tartean, Lezoko berdintasun zinegotzi Eneritz Arruti Osanbela eta Mireia Kuesta Unzain, Errenteriako berdintasun zinegotzi Itsaso Cruz Etxeberria eta bertako Berdintasun Kontseiluko kide bat. Azken horiek gonbidatu gisa aritu ziren Gipuzkoan aitzindaria den Errenteriako kontseiluak egindako ibilbideaz jarduteko.

Errenteriako kontseiluaren nondik norakoak mahaigaineratu ziren bileran: osaera, lehentasunak, erronkak, egitekoak (aholku-emaile eta erabakitzailea) eta helburuak; berdintasun planaren garapena bermatzeko proposamenak egitea eta oro har udal politiketan eragitea.

Halaber, kontseiluak ibilian daraman ia 15 urteetako lorpen nagusiak aipatu ziren: hala nola, Berdintasun Saila abiatzea, hori indartzea eta egonkortzea eta bere beharretara egokitutako aurrekontua finkatzea, Eskola Feminista eta Emakumeen Etxea sortzea eta III. Berdintasun Plana onartzea, partehartze errenteritarren hitzetan oso landua eta anbiziotsua den plangintza.

Betetako beste helburu batzuk ere izan ziren hizpide: emakumeen ahalduntzea, Emakume taldeen eta talde feministen aitortza eta euren inplikazioa eta saretzea eta politika egiteko moduen eraldaketa gobernantza partikatuaren alde egiteko, non emakumeen ahotsak entzutea eta euren parte hartzea ezinbestekoak diren. Zentzu horretan, kontseilua sortzeko prozesuaren garrantzia azpimarratu zuten errenteritarrek, bi urtez luzatu eta kanpoko profesionalek dinamizatutakoa.

Berdintasun foroa

Bestalde, gerturatutako lezoarren artean herriko zenbait taldeko ordezkariak zeuden: Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun eta Lezoko Emakume taldea. Emakume gazteenak 22 urte ditu eta nagusienak 74. Hitz gutxietan, adin eta esparru zabala, zalantzarik gabe sortze prozesua aberastuko duena.

Hurrengo bilera 2025eko urtarrilaren 22an izango da eta bertan Lezon egitekoa den organoaren nondik norakoez eztabaidatuko da: helburuak, osaera, konpromisoak, sartzeko moduak, lehentasunak, prozesuaren diseinua eta abar, beti ere duela urte batzuk adostutako dokumentutik abiatuta.