Atalaren aurkezpena, martxoaren 28an egingo da 19:00tan. Ordubete lehenago, Nerea Loiola Pikaza idazleak “Zebrak eta bideak” liburuaren aurkezpena egingo du Irati Zubiak dinamizatuta, liburutegiko sotoan.
Andreone liburutegian, atal feminista sortzea III. Berdintasun Planean jasota dago, eta ekimen horren alde apostu egin du Berdintasun Sailak, aurten. Horretarako feminismoan erreferenteak diren egileen lanak aztertu, erosi, sailkatu, eta apalategi batean jarri dituzte, beste ataletatik bereizita.
Ekimenarekin liburutegian feminismoari berezko tokia emateaz gain, mugimendu sozial eta politiko horrekin lotutako lanak ikusgarriago egotea da helburua, hartara jakinmina asetzeko Andreonera bertaratzen direnak liburuak eskuragarriago izateko eta zergatik ez, hartara, euren ahalduntzea errazteko.
Egile askoren lanak bildu dira sailean, euskal herritarretik hasi, hala nola, Tamara Velte, Edurne Epelde, Jule Goikoetxea, Mari Luz Esteban, Zuriñe Rodriguez, Begoña Zabala, Itziar Ziga, Kattalin Miner, Nerea Barjola eta June Fernandez, garai batean bidea urratutako sona handiko egileetatik pasa, Bell Hooks, Emma Goldam, Simone de Beauvoir, Flora Tristan, edo Judih Butler, eta gaur egungo atzerriko errefrenteetaraino; Nancy Fraser, Virginia Despentes, Silvia Federici, Angela Davis, Beatriz Gimeno, Ana Requena, Rafia Zakaria eta Najat El Hachmi, kasu.
Gaien artean ere, aniztasuna: esaterako, feminismoaren adarrak (dekoloniala, islamiarra, zuria, beltza, queer-a, anarkofeminismoa, transfeminismoa…) euskara eta feminismoa, pentsamendu heterosexuala, erresistentzirako gorputzak, haurdunaldi subrogatuak, sorgin-ehizak, zaintza, ekonomia feminista, maitasun erromantikoa, prostituzioa eta bortxaketaren kultura. Oro har, garai bateko erreferentziazko tituluak eta titulu berriak bildu dira 100 aletik gorako bilduman eta hori, liburuz liburu, etengabe elikatzen joatea da asmoa.
Esan bezala, atalaren aurkezpenaren aurretik, aperitibo gisa, Nerea Loiola Pikaza idazleak “Zebrak eta Bideak” bere azken liburua aurkeztuko du. Narrazio bilduma horretan bidegurutzean, zebrabidean, diren sei emakumeren istorioak ditu hizpide debarrak. Irati Zubia filosofoak dinamizatuko du saioa eta 18.00tan hasiko da.