Azaroaren 25aren harira, “Indarrez ezer ere ez” kanpaina jarriko da martxan Lezon

Al, 2020-11-16 11:24

Programa horren baitan, urtero legez, zapi gorriz jantziko da  Lezo emakumeen indarkeriaren aurkako aldarrikapen gisa eta horrez gain, musukoak eta txapa moreak eskuratu ahal izango dira kultur bulegoan eta osasun zentroan.

Azaroaren 25ean bertan, Isiltzen joan zirenak ipuin musikatuen ekitaldia eskainiko da Lourdes Iriondoren musika eta ipuinak oinarri hartuta eta programa biribiltzeko, hilaren 28an, Anariren kontzertuaz gozatu ahal izango dute lezoarrek.

Datorren azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Eguna aldarrikatzen da. Horren harira, urtero bezala, Lezoko Udalak kanpaina berezia antolatu du herriko zenbait eragileekin elkarlanean: Kuadrillategi, Lezoko Emakumeen taldea, Gaxuxa, Osakidetza, Lezo Institutua, Herri Eskola eta Pasaia-Lezo Lizeoa ikastetxearekin, alegia.

Kanpainaren bitartez, Lezoko Udalak emakumeen aurkako indarkeria, eraso edota jarrera sexista oro gaitzetsi eta errespetua eta berdintasuna aldarrikatzen ditu bizikidetzaren oinarrizko printzipio gisa.

Izan ere, kasu honetan ere, COVID-19ak eragin zuzen eta negatiboa izan du emakumeen aurkako indarkeriarengan, birusak gure bizitza eta komunitateak kolokan jarri eta osasun eta krisialdi ekonomiko larria eragiteaz gain, agerian utzi duelako, gordintasun osoz, indarkeria matxistari aurre egiten ari diren emakumeen egoera latza.

“Konfinamenduak, mugimendu-murrizketak eta harreman-mugak indarkeria matxista ugaltzeko eta ugaritzeko haztegi bat izan dira eta horri lotuta, tamalez, pandemia garaian Lezoko Gizarte Zerbitzuetan artatutako kasuak biderkatu egin dira”, azaldu du Laura Martinezek, berdintasun saileko zinegotziak. “Datuei erreparatuta, osasun krisialdiaren lehen hilabetean, hau da, martxo-apirilean, 2019 osoan artatutako adina kasuen berri izan genuen, eta horiek atzemandako kasuak baino ez dira”, gehitu du.

Egoera larri horren aurrean, bere kezka azaldu du Lezoko Udalak eta inoiz baino gehiago, herritarrak ekintza azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako eta eraso sexistak gaitzesteko indarrak batzea ezinbestekoa delako.

Indarrez ezer ere ez egitaraua

Gauzak horrela, urtero legez, zapi gorriak nagusi izango dira Lezon indarkeria matxista gaitzesteko eta Lezo indarkeria sexistarik onartzen ez duen herria dela irudikatzeko.

Aurten, osasun krisia dela eta, ez da zapi gorri berririk egin, horrenbestez, interesa dutenek azaroaren 16tik 22ra bitartean Osasun Zentroan eskuratu ahal izango dituzte iazkoak; bestela, Udalak norberak berea ekoizteko deia ere luzatu du. Horretarako, hona hemen azken bi urteetan eraildako emakumeen zerrenda:

  • Miren Uranga eta Paula Mendez, 2020-03-11
  • Mayie Nervi, 2019/06/17
  • Chantal monte, 2019/06/25
  • Alizia zubiri 2019-08-23
  • -Maria Jose Bejarano 2018/04/20
  • Florentina Jimenez 2018/04/20
  • -Roxan 2018/04/28
  • -Rejene Chaumont 2018/05/02
  • -Natalya Balyuk 2018/08/28
  • -Maguette Mbeugou 2018/09/24
  • -Yolanda Jaen Gomez 2018/10/23

Zapi horiek, halaber, hilaren 23tik 30era etxeetako balkoietan zintzilikatu beharko dira eraildako emakumeen izena eta izana gogora ekartzeko.

Horrez gain, musukoak eta txapa moreak ere eskuratu ahal izango dira kultur saileko bulegoan eta osasun zentroan, horiek ere hilaren 16tik 22ra bitartean. Eta programaren ekitaldi goxoenak hilaren 23ko astean eskainiko dira.  Hala, azaroaren 25ean bertan, arratsaldeko 19:00etan Gezalan “Isiltzen joan zirenak” ipuin musikatuak ekitaldia eskainiko da. Ikuskizun hori Lourdes Iriondo Ez dok hamairuko sortzailearen eta Euskal Herriak emandako artista handiaren obran oinarritzen da.

Programari amaiera biribila emateko, halaber, hilaren 28an Anari musikariaren kontzertua eskainiko da Gezalan, arratsaldeko 19:00etan eta sarrerak aurrez salgai egongo dira udal webgunean.

365 egunez, berdintasunaren alde lan eginez

Emakumeen aurkako eraso edota bortizkeriak Emakumeen Giza Eskubideen urratze larritzat jo  dituzte erakundeek, diskriminatua ez izateko, ongizaterako, integritaterako eta duintasunerako eta askatasunean bizitzeko eskubidearen aurkako erasotzat, besteak beste.

Hala ere, andreenganako basakeriak bizirik jarraitzen du tamalez eta horren adierazle ditugu, adibidez, aurten pandemia garaian eraildako 4 emakumeak, hiru EAEn eta bat Ipar Euskal Herrian.

Horrez gain, ezin ahaztu ere pandemiak emakumeengan izandako bestelako ondorio larriak. Osasungintzaren arloan eta ezinbestekoak diren beste arloetan (garbiketa lanak, dendak …) emakumeak dira nagusi eta horiek lehen lerroan jasaten ari dira pandemiaren nondik norakoak. Hori gutxi balitz, emakumeen langabezia tasa nabarmen handitzen ari da eta horrekin batera horien pobrezia ere. Izan ere, egoerak gogor astindu ditu lan-esparru feminizatuak, ostalaritza, turismoa, etxeko langileak eta merkataritza, besteak beste. Era berean, krisia dela eta, familietako zaintza lanak areagotu egin dira, eta gauza jakina da emakumeengan dagoela nagusiki horien zama.

Hau guztia dela eta, ezin ahaztu indarkeria ororen oinarrian ezberdintasuna dagoela, egiturazko arazo bat eta emakumeak direla  ezbairik gabe kaltetu nagusienak, baita pandemia garaian ere.

Horregatik, Lezoko Udalak, azaroaren 25ean eta urteko gainerako 364 egunetan ere, emakumeen aurkako eraso oro gaitzetsi eta emakume zein gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten jarraituko du.

Arloa edo saila