BERDINTASUN KONTSEILUA SORTZEKO 6. BILERA, ASTELEHENEAN

Az, 2025-06-11 17:02

Lezoko Berdintasun Kontseiluaren sorrera-prozesua aurrera doa Elhuyarren aholkularitzaren dinamizazioarekin. Elhuyarren aholkularitzarekin egingo duten hurrengo bilera ekainaren 16an (astelehena) izango da, 17:30ean, Kultur Aretoan.

Lezon Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesuak aurrera darrai eta Elhuyar Aholkularitza ari da prozesua gidatzen. Horri esker, prozesuak behar duen bultzada eta dinamizazioa lortu du alde tekniko eta metodologikoari dagokionez. Elhuyarren aholkularitzarekin egingo den hirugarren bilera izango da. 

Azken urteetan mugimendu feministari eta emakume askori esker berdintasunaren arloan asko aurreratu den arren, oraindik ere lan handia dago egiteko. Hori azaleratzen dute indarkeria matxistari, lan merkatuari eta zaintza lanen banaketari buruzko datuek bai eta erabakiak hartzeko guneen eta partaidetza politikoaren inguruko estatistikek ere. 

Hain zuzen ere, emakumeen partaidetzarekin lotura estua du kontseiluaren sorrerak, ekimen honekin emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatzeaz gain, berdintasun udal politikak era planifikatuan, koordinatuan eta elkarlanean egin ahal izateko espazio bat sortu nahi baita, mugimendu feministaren, herri-eragileen eta udalaren artean. Beste helbururik ere bada: Udala eta mugimendu feministaren nahiz herritarren arteko harremana eta interlokuzioa hobetzea, berdintasun politikak herritar gehiagorengana iristea, udal jarduerak era gardenean eta parte hartzaileagoan kudeatzea eta herritarren, eragile sozialen eta udalaren arteko sinergiak indartzea.

Esan bezala, bilera hilaren 16an izango da, hirugarrena Elhuyarren dinamizazioarekin eta seigarrena kontseiluaren sortze prozesuan. Saio garrantzitsua izango da, besteak beste, Berdintasun Kontseiluaren Berdintasun Kontseiluaren araudian jaso nahi ditugun oinarrizko elementu guztiak adosteko lehen pausuak emango direlako. Ahalik eta iritzi eta ekarpen gehien jaso eta elkarrizketa irekitzeko tartea hartuko dugu hemendik aurrera guztion elkargune izango den Berdintasun Kontseiluaren oinarriak adosteko. 

Orain arte Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun eta Iruntzen Emakume Taldea elkarte eta taldeetako ordezkariak aritu dira bileretan. Edozein kasutan, ekimen irekia denez,  berdintasun sailak bertan parte hartzeko gonbitea egin die berdintasunaren alde lan egin nahi duten norbanako eta eragileei.
 

Arloa edo saila