Lezoko Udalak eta Lezoko Berdintasun Kontseilua osatzeko prozesuan parte hartu duten hainbat eragile eta herritarrek aurkeztu dute 2026ko martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitaraua, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Aurtengo proposamenak, iazko ildotik, martxoaren 8tik haratago doan programa zabala eskainiko du, herriko eragile eta kolektiboen parte-hartzearekin osatua.
Helburua berdintasunaren aldeko mezua egun bakar batera ez mugatzea, baizik eta hausnarketa, aldarrikapena eta elkartasuna uztartuko dituen egitarau anitza eskaintzea da, herritar guztiei irekia izango dena eta herriko eragile eta talde ezberdinen partaidetzarekin osatua dagoena.
Aurtengo egitarauak hitzordu anitzak izango ditu, baina ekintzetako bat bereziki azpimarratu dute antolatzaileek: Lezoko Berdintasun Kontseiluaren aurkezpena. Martxoaren 11n, 18:00etan egingo dute Kultura Aretoan. Urtebeteko sortze prozesua izan du kontseiluak, Lezoko Udalaren eta herriko hainbat talde zein norbanakoren elkarlanarekin osatu dute helburu nagusi eta garbi batekin: berdintasunaren alde apostu egiten duten pertsonen eta eragile sozialen sarea sortzea, emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustzea, emakumeen parte-hartze sozial eta politikoaren defizitari aurre egin, euren herritartasun aktiboa indartu eta talde feministen eta emakume taldeen lanaren aitortza egiteko.Martxoaren 11n, kontseiluaren aurkezpenean, Berdintausn Kontseiluan parte hartzera dei egingo zaie herritarrei, ahalik eta ahots gehien izan ditzan egiturak.
Lezoko Udalak babestutako egitaraua herriko hainbat eragile eta talderen proposamenak eta ekimenak barne hartzen ditu, eta Berdintasun Kontseilua osatzeko prozesuan parte hartu duten eragile eta norbanakoek osatu duten taldeak koordinatu eta dinamizatu du antolakuntza. Egitaraua oparoa izango da eta herritar guztiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte.
Martxoaren 8an, herriko plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapen nagusi moduan.
Horrez gain, izaera desberdineko hitzorduak antolatu dituzte: bertso-afari feminista, emakumezkoen pilota erakustaldia, kultur-ekitaldiak, eta askoz gehiago. Hitzaldiak eta sentsibilizazio jarduerak ere antolatu dituzte, feminismoaren gaur egungo erronkak, zaintza-lanen aitortza eta indarkeria matxistaren prebentzioa ardatz hartuta, bai eta emakumeen errealitatea eta berdintasunaren oinarriak gaztetxoenei iristarazteko.
Egitarau osoa Lezoko Udalaren webgunean zein Iruntzen Emakume Taldearen sareetan ikusgarri egongo da
Lezoko Udalak azpimarratu du berdintasun politikek lehentasunezko izaera dutela udal-agendan, berdintasunetik elkar zainduz gero bizikidetza hobea eta herri justuagoa lortuko baitugu. Horretarako, urte osoan zehar lanean jarraituko du emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko. Bestalde, Berdintasun Kontseilua osatzeko prozesuan parte hartu duten eragile eta norbanakoen taldeak herritarren inplikazioa nabarmendu nahi izan du, egitaraua elkarlanetik eta herri-ekimenetik eraiki baita.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte jardueretan parte hartzera eta martxoaren 8a aldarrikapen eta elkartasun kolektiborako egun bihurtzera, berdintasunean oinarritutako Lezo bidezkoago eta parekideago baten alde.