Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Baina ez dira atzokoak krisi honi erantzun nahi dioten mugimendu eta ekimenak. Hala ere nabarmendu nahi dugu, pasa den azaroan, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa ardatz, Euskal Herrian, Greba Feminista Orokorra aitzindaria izan dugula. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da. Gure herrian ere lanketa sakona egin genuen eta bi dimentsiotan ardaztu ziren aldarrikapenak. Alde batetik eremu pribatuan, emakumeek familia eremuan bereziki egindako lan ordaindu gabea ikusaraziz eta bestetik feminizatutako eremuetan egindako lan ordaindu prekarioa salatuz.
Argi geratu zen herritar guztien bizitzek ez dutela berdin balio gure herrietan, eta emakumeen gainean erortzen dela zaintzaren lan karga gehiena. Honek dakarren ondorioetako bat, feminismoetatik izendatutako lanaldi bikoitz edo hirukoitzak dira, beste gauza batzuetan emakumeei haien denbora eskaintzeko aukera kenduz, izan lana ordaindua, militantzia politiko soziala etab. Hau da, boterea zentzu zabalean eta gaitasun politikoak sortzen dituzten alor horietan guztietan egoteko aukera murrizten zaie emakumeei. Honen eraginez, denboraren banaketa desparekoak gertatzen jarraitzen dute eta emakumeek zaintzen ematen duten denbora horretan lan hauetatik ardurarik hartzen ez duten gizonek boterea metatzen jarraitzen dute.
Egoera honen kontziente izan behar dugu eta horri erantzungo dioten politika publikoek emakumeek boteretzera ere eraman beharko lukete. Horretarako ezinbestekoa da Gobernantza Feminista aurrera eramatea. Gobernantza Feminista berdintasun politiketan historikoki kokatua izan da, Berdintasun Planen zutoinetako bat bezala eta honi Gobernu Ona esan zaio. Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa. Izan ere, gobernantza feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara.
Garrantzia eman behar diogu publiko eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Ezin dugu ahaztu komunitatea ez dela norbanakoen batuketa soil bat, lurralde batean bizi diren eta menderakuntza sistemak sortzen dituzten eta bizi dituzten izaki taldeen multzoa baizik. Komuna kudeatzeko erantzunkidetasuna behar dugu beraz eta horretarako argi izan behar dugu politika bizitzaren eremu guztietan artikulatzen dela. Beraz, zeharlerrotasun erradikal bat martxan jarri behar dugu. Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu. Beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa- guneak bultzatu eta indartuz.
Horregatik guztiagatik, Lezoko Udalak Lezoko Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egiten du eta Martxoaren 8ko deialdia babesten du, herritarrei bertaratzeko deia eginez.