Martxoaren 8tik haratago joango da Lezoko egitaraua

Al, 2025-03-03 20:20

Martxorako egitarau oparoa antolatu dute Lezoko Udalak eta Lezoko mugimendu feminista osatzen duten taldeek. Kultura, aitortza, aldarrikapenak eta askoz gehiago jasoko ditu martxo osoan zehar zabalduko den egitarauak.

Egutegiak horrela agindu du aurten. Inauteriei agur esatearekin batera Emakumeen Nazioarteko Eguna den martxoaren 8a iritsi zaigu, berandu baino lehen emakumeok mozorro guztietatik askatzeko helburu sendoarekin.  

Ohitura den legez, martxoan zehar egingo diren ekintza desberdinekin egitaraua osatu dugu Lezon. Lezoko mugimendu feministak eta Lezoko Udalak egitaraua  aurkeztu dute, agerpenarekin batera, lezoar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldi guztietan parte hartzera eta, berdintasuna helburu, urtean zehar dinamika feministak bermatuko dituzten ekitaldietara gerturatzea, bai eta berriak sortzera.  

Lezoko Udalak babesa eman dio Lezoko mugimendu feminista osatzen duten taldeek elkarlanean antolatu duten egitarauari, eta hori egikaritzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditu. Halaber, elkarlan horretan ere parte  hartu du eta egitarau hori osatu, egitarau bateratu bat adostuz. Izan ere, eskubideen aldeko borrokan, jendarte guztia inplikatzeko eragin duen mugimendu feministari aitortza egitea ezinbestekoa da: hitza errespetatzea,  erabakimena bermatzea, eta ahalduntzeko baliabideak eskaintzea.  

Honako egitarau proposamena edukiko dute Lezoarrek martxoan zehar:

  • Martxoak 6: Koldobike Gezala eskupilota txapelketaren finalerdiak (18:30) 
  • Martxoak 7: Bertso afari feminista (21:30) 
  • Martxoak 8:  
    • Emakume korrikalarien beroketa eta Nordic Walking martxaren hasiera (10:00) 
    • Emakume korrikalarien irteera (10:30) 
    • Manifestazioa (12:30)  
    • Miren Gezala plazaren izendapen ekimena eta brindisa  (manifestazioaren jarraian) 
    • Koldobike Gezala eskupilota txapelketaren finala (17:30) 
  • Martxoak 9: Feminissimas (19:30) 
  • Martxoak 15: Zineforuma (19:00) 
  • Martxoak 28: Udal liburutegiko txoko feministaren aurkezpena, "Zebrak eta bideak" liburuaren aurkezpenarekin.   

Udalak borroka honetan bere alea jarri nahi izan du aurten ere. Horrela, Miren Gezalaren izena eman dio Aralar kalean dagoen plazari. Beste askoren artean, Miren Gezalak lehen ikastola zabaldu zuen Lezon 1930ean. Eskolak ematen zituen bitartean, Emakume Abertzale Batzan ere militatzen zuen, eta mitinlari aritzen zen. Horrez gain, emakume taldearekin, dantza, antzerki eta mendi taldeetan ere hartzen zuen parte. Gerra Zibilak eta frankismoak hala behartuta, erbestean pasa zituen hainbat urte, baina beti eutsi zion bere borrokari; gorriak ikusita ere, emakume abertzale, ahaldun eta alaia izan zen Miren.  

Berdintasunerako bidean, ezinbestekoa da emakumeek espazio publikoan presentzia edukitzea, hau da, horien aitortza publikoa egitea eta horiek historian zehar egindako lana, haien ekarpenak, nola edo hala, hiri eta herrietako kaleetan irudikatzea. Lezoko mapan emakumeen errepresentazioaren defizit handia dago kaleetan eta horien nomenklaturan, herriko andreek esparru publikoan jasandako bazterketa historikoaren adibide. Ondorioz, honen normalizaziorako bidean Tokiko Gobernu Batzordeak otsailaren 25ean erabaki zuen Miren Gezala plaza izendatzea. 

Bestalde, “Feminissimas” antzezlana eskainiko da martxoaren 9an Gezalan. Vigon hainbat urtetan elkar ikusi gabe egon diren nerabezaroko hiru adiskide elkartuko ditu antzezlanak, hiru adiskide hauek "feminismoa" ulertzeko hiru modu oso desberdin dituzte: feminismo erradikala, feminismo liberala eta post-feminismoa. Komedia beltza, oso morea dena. 

Azkenik, Udal Liburutegian feminismoaren atal berezitua sortu da, feminismoa lantzen duten eta feminismoaz jarduten diren liburu guztiak bateratuko dituena, eta Lezoko herritarrei bilaketan lagunduko diena. Atal honen aurkezpena egiteko Nere Loiola Pikazak “Zebrak eta bideak” liburua arkeztuko digu, Irati Zubiaren dinamizazioaren laguntzaz.  

Lezoko Udalak mugimendu feministari eskerrak eman nahi dizkio egindako lanagatik, eta talde desberdinen lanari esker antolatu duten egitarau aberatsagatik. Horrela bakarrik lortuko dugu benetako berdintasuna, emakumeen  ahalduntzea eta inolako eraso edo oldarraldirik gabeko herria.  

Arloa edo saila
Eranskinak