URRIAN HASI ZEN AHALDUNTZE TAILERRA AMAITU DA

Og, 2025-01-16 12:34

Pasa den urriaren 24ean hasi zen Lezoko Udalak antolatutako ahalduntze tailerra. Xenai Psikoteriapiaren eskutik hilabete hauetan zehar 4 saioko tailerra eskaini du Udalak, urtarrilaren 9ean eman zioten amaiera.

Ahalduntzea berdintasunerako gizarte eraldaketaren gakoa izanik, administrazio publikoen betebehar minimoen artean kokatzen da. Ahalduntzearen helburua berdintasun egoeran ez dauden pertsonen eta komunitateen parte-hartzea bultzatzea da, boterea irabaziz eta desberdintasuna murriztuz.

Lezoko Udaleko Berdintasun sailaren lan-ildo politiko garrantzitsua da eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko jarduera-lerro horretan osatu zuen tailerraren eskaintza. Emakumeei zuzendutako eta doako tailerra izan da, 4 saiotan banatu da eta Xenai Psikoteriapiak gidatu du. 8 pertsonek osatu dute taldea, eta hilabete hauetan saio bakoitzean gai bat jorratu dute.

  • Ahalduntze fisikoa: bizipen sentsorialak
  • Ahalduntze emozionala
  • Ahalduntze kognitiboa
  • Afektibitatea eta ahalduntzea

Saio guztien jarraipenak garapen koherentea ahalbidetu dio parte hartu duten emakume taldeari. 8 pertsonako taldea izanik gertukotasuna eta konfiantza gailendu dira taldean partaideen hitzetan. Belaunaldi desberdinetako emakumeak elkartu dira eta horregatik espazio aberasgarria bihurtu dela adierazi dute.

Hilabetean behin bi orduz herriko emakumeen artean espazio komun bat ahalbidetu du tailerrak, helburu komun batekin elkartu eta elkarrengandik ikasi dute partaideek. Proposatutako ekintzetan lanketa pertsonalaz gain, hausnarketa kolektiboak egin ahal izan dituzte. Emakumeen kezkez, ardurez, jarrerez eta beste hainbat alderdiz aritu dira lau saioetan eta horrelako espazioetan elkartzeak berak ahalduntzea eragiten duela azaldu dute.

Arloa edo saila