-Azaroaren 25aren harira, hilaren 19tik aurrera dendetako erakusleihoetan zapata gorriak eta herritarren balkoietan zapi gorriak jartzeko deia egin du Udalak, guztiok elkarrekin, indarkeria matxista gaitzesteko eta Lezo indarkeria sexistarik onartzen ez duen herria dela irudikatzeko
-Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek zapata eta zapiak Osasun Zentroan jaso beharko dituzte azaroaren 12tik 16ra bitartean
Jakina da azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako eguna dela, borroka eguna mundu zabalean, alegia. Hori dela eta, aurten, Lezoko Udalak kanpaina berezia antolatu du herriko zenbait eragileekin elkarlanean: hala nola, Kuadrillategi, Lezoko Osasun Zentroa, Gaxuxa emakumeen taldea, Pasaia-Lezo Lizeoa eta Institutua.
Aurten, urtero bezala hainbat ekintza antolatu dira Azaroaren 25aren bueltan, baina kanpaina honek bi ekintza nagusi eta berezi ere izango ditu, izan ere, hilaren 19tik aurrera indarkeria sexistari aurre egiteko eta indarkeria sexistak azken urteetan eraildako emakumeak ikusarazteko zapata gorriak ezarriko dira dendetako erakusleihoetan eta zapi gorriak aldiz, herriko balkoietan eraildako emakumeen izen abizenekin.
Horretarako, baina, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da eta datorren astetik aurrera, hau da, azaroaren 12tik 16ra bitartean, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek zapi eta zapatak Osasun Zentroan jaso ahal izango dituzte.
Aipatzekoa da zapatak Osasun Zentroan egin dituztela eta kartelak ere ezarriko dituztela herritarrak parte hartzera animatzeko. Zapiak aldiz, Gaxuxa emakume taldeko zein Osasun Zentroko eta Kuadrillategiko kideek egin dituzte, eraildako emakumeen izen eta datekin.
Gauzak horrela, Udaletik konpromisoa eskatu diete herritar eta dendariei eta jakinarazi diete hartutako materiala itzultzea eskertuko dela datorren urtean ere material bera erabili ahal izateko.
Autodefentsa ikastaroa neska gaztetxoentzat:
Halaber, 16-18 urte bitarteko neska gazteei zuzendutako doako autodefentsa tailer trinkoa antolatu da. Ikastaroa abenduaren 15ean izango da 10:00-14:00 eta 16:00-20:00 bitartean, Lezoko kiroldegian. Parte hartzeko baina, aurretik izen ematea beharrezkoa da.
Interesa dutenek azaroaren 12tik 23ra bitartean izena eman dezakete ikastetxean (Lizeoa eta institutua) bertan eta tailerrari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero Udaleko berdintasun sailera jo dezakete.
Amaitzeko, kanpaina honen baitan antolatutako ekimen guztiak azaroaren 20an aurkeztuko direla iragarri du Udalak eta esan bezala, herritarrak aipatu ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako eta eraso sexistak gaitzesteko indarrak batzea ezinbestekoa delako.